Peñagarikanok Eskuz Banakako Txapelketan irtengo du

Uztarria.com 2008ko api. 1a, 20:04

2008ko Eskuz Banakako Txapelketako koadroa.

Final-hamaseirenetan hasiko da jokatzen; Urberuaga-Agirre partidako irabazlea izango du kontrario apirilaren 13an, eta gero Irujo luke aurkari

Ostiral honetan hasiko da txapelketa

Ostiralean hasiko da 2008ko Lehen Mailako Eskuz Banakako Txapelketa, eta bertan izango da Kepa Peñagarikano. Hain zuzen, 20 pilotari ariko dira txapelketan, lau multzotan banatuta, eta C-n dago Peñagarikano. Xabier Urberuaga-Imanol Agirre partidako irabazlearen kontra jokatuko du final-hamaseirenetan, apirilaren 13an, eta, hor berak irabazten badu, Juan Martinez Irujo izango du kontrario final-zortzirenetan, hilaren 20an. Irujok oraindik ere arazo fisiko batzuk ditu, eta gaur (asteartea) egingo du azken entrenamendu erabakigarria.

Pedro Martinez Eulate-Aitor Zubieta izango da txapelketako lehen partida, A Multzokoa, ostiralean Zeanurin (Bizkaia), eta ekainaren 8an bukatuko da; baliteke Donostian jokatzea azkena, Atano III.a pilotalekuan. Hain zuzen, gaur aurkeztu dute lehiaketa, Bilbon.

Zozketaren ondoren, hauek dira multzoak eta hauek lehiak:

A Multzoa. Eulate-Zubieta, horko irabazlea Iñigo Leizaren kontra ariko da, horkoa Oñatz Bengoetxearen kontra, eta horkoak Aimar Olaizola izango du zain.
B Multzoa. Aritz Laskurain-Ives Salaberri Xala / X-Asier Olaizola / X-Ruben Beloki / X-Patxi Eugi.
C Multzoa. Urberuaga-Agirre / X-Peñagarinako / X-Irujo / X-Sebastian Gonzalez.
D Multzoa. Iñigo Pascual-Aritz Begino / X-Juantxo Koka / X-Patxi Ruiz / X-Abel Barriola.

A eta B multzoetako irabazleek maiatzaren 18an jokatuko dute finalerdia, eta C eta Dkoek maiatzaren 25ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide