Larunbatean udalbatzarrean Udalak Ueman sartzeko erabakia hartuko du

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 3a, 14:04

Atzo, agerraldia egin zuten Aitonenan Udal Gobernuko kideek eta euskalgintzakoek.

Udal Gobernua osatzen duten alderdien eta euskalgintzako hainbaten ustez erabakia "garrantzitsua" da

Larunbatean izango da ezohiko udalbatzarra, 10:00etan

Larunbatean, hilak 5, Azpeitiko Udala Ueman (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) sartuko dela adierazi dute Udal Gobernua osatzen duten aldierdietako kideek (EAE-ANV, EA eta Aralar) eta herrian euskararen inguruan lanean ari den hainbatek. Hain zuzen ere, larunbatean ezohiko udalbatzarra deitu dute "Azpeitiko Udala Ueman atxekitzea" gai hartuta. 10:00etan da, udalbatzar aretoan, "udalbatzarrera eta gero udaletxeko arkupetan egingo den jaialditxora herritarrak gonbidatu nahi ditugu".

Azpeitian azkenengo urteetan euskararen alde "asko egin da, baina oraindik asko dago egiteko" diote Udal Gobernuko kideek eta euskalgintzakoek. "Euskara hizkuntza normalizatua izango bada konpromisoak hartzeko bide horretan jarraitu behar dugu" eta AzpeitikoUdala Ueman sartzea "norabide horretan beste pauso bat ematea" dela azpimarratu dute.

Herrian orain dela urte batzuk baino "egoera hobea" dela diote, "Udal euskara teknikaria eta Euskara Patronatua sortu ziren; Euskalgintzak euskararen normalizazioaren alde egindako lana aipagarria da; Bai Euskarari Akordioa eta EBPNk, bakoitzak bere aldetik emandako pausoak eta elkarrekin aurrera egiteko lortutako akordioa; eragile, merkatari eta hainbat enpresek euskaraz funtzionatzeko hartutako konpromisoak; ikastetxeetan eta hizkuntza eskubideen alde egindako lanak".

Larunbatean Udalak hartuko duen erabakia "garrantzitsua" da, "euskara Azpeitiko berezko hizkuntza da, baina oraindik, toki askotan herritarrak ezin du euskaraz bizi. Baina batez ere, euskara Euskal Herriko berezko hizkuntza da, eta horrek bultzatzen gaitu Ueman sartzera". Euskararen normalkuntzan udalerri euskaldunen eginkizuna "garrantzi handikoa" da, "Uemaren erronka, euskarak ere, erdarek bezala, nagusi izango duen lurgunea izatea da".

.50 herri Ueman

Gaur egun Uema 50 herrik osatzen dute eta Azpeitia Mankomunitatean sartzeak "bultzada handia eman diezaioke egitasmoari". Baina Azpeitiarentzako Ueman sartzea ere "ona" dela azpimarratu dute.

"Mankomunitatearen helburu nagusia erdarek betetzen dituzten funtzio guztiak euskararentzat eskuratzea da, gaztelania eta frantsesa beharrezkoak ez izatea normaltasun osoz bizi ahal izateko. Udalerri euskaldunetako eguneroko bizitza, sektore guztietan, normaltasun osoz burutu ahal izateko bideak zabaldu nahi ditu. Eta Azpeitian ere hainbat arlotan (komunikabideen kontsumoan, enpresa munduan, justizian, osasungintzan eta abarretan) gabezia handiak ditugu oraindik".

Martxoko Uztarria herri aldizkarian eman genuen Udalak Ueman sartzeko zuen asmoaren berri.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide