"Euskal Herri euskalduna eraikitzeko" urratsak

Uztarria.eus 2008ko api. 4a, 14:04

Azpeitian Euskal Herrian Euskaraz-ek anbulategian egindako kanpaina.

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-en ustez, Azpeitiko Udala Ueman sartzea "urrats sendoa" ematea da

Urratsak ematen joateko, igandean Atarrabian egingo den Hizkuntza Eskubideen Egunera joateko animatu dituzte herritarrak

Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-ekoek urratsez urrats, "Euskal Herri euskalduna eraikitzeko" dei egin dute. Bosgarren Hizkuntza Eskubideen Egunaren atarian, "Euskal Herrian hizkuntza eskubideak urratzen direla salatu beharrean gaude" azaldu dute.

Euskal Herrian Euskaraz-ekoen ustez, "Euskal Herrian, euskaraz bizitzeko eskubidea zanpatzen digutenek hainbat urtean urratsak eman dituzte eta oraindik emango dituzte, euskal herritarroi errotik geure hizkuntza ukatzeraino". Horren adibide gisa jarri dute Azpeitiko anbulatorioa eta salaketa kanpaina burutu dute "zapalkuntza" horren kontra.

Euskal Herrian euskaraz bizi nahi dutenek, ordea, "egoera gainditu eta dagokiguna geure egin" nahi dutela azaldu dute. "Zapalkuntzaren urratsak, euskararen ofizialtasunaren bidean egin beharreko urrats bilakatu nahi ditugu, urratsez urrats, Euskal Herri euskalduna eraikitzeraino!".

Udala Ueman sartzea "urrats sendoa da"

Ildo horretatik, Azpeitian ere urratsak ematen ari direla esan dute. Bihar, larunbata, Azpeitia Ueman sartzea bezalako urratsak "atzeraezinak" direla diote. "Horrelako urrats sendoek beste hainbat ematera bideratzen gaituzte, eta ez da gutxi".

Urratsak ematen jarraitzeko, igandean, hilak 6, Atarrabian egingo den 5. Hizkuntza Eskubideen Egunera joateko animatu dituzte herritarrak. "Euskal Herri euskalduna eraikitzeko bidean, euskaldun orori dagokigu-eta norbere urratsa ematea".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide