Izarraizko I. Mendi Lasterketan gehienez 350 lagun ariko dira

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 7a, 11:04

Argazkian, Kirol batzordeburu Unanue, Mendi Federazioko Bandres, Lagun Onak Mendi Bazkuneko lehendakari Odriozola, eta lasterketaren zuzendari Aizpuru.

Apirilaren 14tik aurrera eman daiteke izena, eta lehenen ematen dutenek irtengo dute

Maiatzaren 11n izango da proba; larunbatean aurkeztu zuten

Lagun Onak Mendi Bazkunakoek dena prest dute Izarraizko Mendi Lasterketarako, maiatzaren 11rako lehen aldiz antolatu duten probarako, eta gehienez 350 lasterkari ariko dira. Apirilaren 14tik aurrera eman daiteke izena, eta lehenen ematen dutenek irtengo dute proban.

Larunbatean eman zituen probaren inguruko xehetasunak lasterketaren zuzendari Pedro Mari Aizpuruk. Harekin izan ziren prentsaurrean Mendi Bazkuneko lehendakari Aritz Odriozola, Udaleko Kirol batzordeburu Manuel Unanue, eta Euskal Herriko Mendi Federazioko ordezkari Antton Bandres. Izan ere, proba puntuagarria izango da Euskal Herriko Mendi Lasterketen Koparako, eta azken lehiaketa hori aurkezteko ere baliatu zuten aukera.

Lasterketaren zuzendari Aizpuru arduratu zen xehetasun teknikoak azaltzeaz. Ibilbidearen berri eman zuen, baita gomendioak eman ere: "Lastekariei Erlo bitartean indarrak neurtzeko eskatuko nieke. Izan ere, bukaerako azken zazpi kilometroetan lan asko dago egiteko; denbora galdu edo irabazi, puntu horretatik aurrera egin beharko da". Bestalde, Aizpuruk barkamena eskatu zien inguruko baserritarrei, probak sortuko dizkien eragozpenengatik; horrekin batera eskerrak eman zizkien proba antolatzen lagunduko dutenei.

Anaitasunekoekin txandaka

Mendi Bazkuneko lehendakari Aritz Odriozolak azaldu zuenez, Azkoitiko Anaitasuna mendi elkartearekin adostu dituzte mendi lasterketaren ingurukoak. Hala, txandaka arduratuko dira proba antolatzeaz: urte batean batak eta hurrengoan besteak; batak Zazpi Gurutzeetako proba antolatzen duen urtean, besteak mendi lasterketa antolatuko du. Beraz, mendi lasterketa batzuetan Azpeititik abiatuko da eta besteetan Azkoititik, baina beti ere Izarraitzen jokatuko dela argitu zuen Odriozolak.

Horrekin batera, Odriozolak eskerrak eman zizkien Anaitasunakoei, "adostasuna lortzeko erakutsi duten borondateagatik, eta emandako aholkuengatik".

Bestalde, proba antolatzeko jendea behar dutela ohartarazi zuen, eta herritarrei Lagun Onak-en tabernan izena emateko eskatu zien.

Festa batzordeburu Manuel Unanuek, bere aldetik, "antolakuntza lan ona" egingo dutela agindu zuen. Hala, egun horretan "ikuskizun paregabea" izango dela aurreratu zuen, eta herritarrei ikustera hurbiltzeko dei egin zien; kirolariei, aldiz, parte hartzeko. Horrekin batera, eta ingurumena gogoan, "mendia zegoena baino garbiago" uzteko eskatu zuen.

Koparako proba puntuagarria

Euskal Herriko Mendi Lasterketen Koparako proba puntuagarria izango da Izarraizkoa; Gipuzkoako mendi lasterketen artean bakarra, gainera. Euskal Herriko Mendi Federazioko kide Antton Bandresek "mendia eta lehia" bateragarriak direla defendatu zuen, eta lasterketa antolatu duten azpeitiarren lana txalotu zuen.

Izarraizko mendi lasterketa datutan

Izen-ematea Noiztik nora. Apirilaren 14tik 30era soilik eman daiteke izena; hortik aurrera ez da inor onartuko.

Non. Asteazkenetan eman eman behar da izena, 21:30etik 22:30era, 688 677639 edo 688677638 telefono zenbakietara deituta; bestela, www.lagunonakmb.org helbidean, noiznahi.

Zenbat. Federatuek 15 euro ordaindu behar dute parte hartzeko; gainontzekoek, berriz, 20 euro. Dirua Euskadiko Kutxaren honako kontu korronte zenbakian sartu behar da: 3035 0020 59 0200065443.

Baldintzak. Gehienez 350 lasterkarik har dezakete parte. Beraz, lehenengo izena ematen duten 350 lagunek izango dute parte hartzeko lehentasuna. Gainontzekoekin ordezkoen zerrenda bat osatuko dute. Bestalde, 18 urte beteak izan behar dira izena eman ahal izateko.

Mailak

Seniorrak. 18 eta 39 urte bitarteko emakumezkoak; 18 eta 44 urte bitarteko gizonezkoak.

Beteranoak. 40 urtetik gorako emakumezkoak; 45 urtetik gorako gizonezkoak.

Lasterketa eguna

Dortsalak. Lasterketa egunean bertan jaso behar dira, Azpeitiko plazan, 08:00etatik 09:30era. Jasotzeko ordainagiria eta federatu txartela aurkeztu behar dira; azken hori federatuta daudenen kasuan.

Irteera eta helmuga. 10:00etan plazatik abiatuko da lasterketa, eta leku berean bukatuko da. 14:00etan itxiko dute kontrola.

Ibilbidea. 21,2 kilometroko luzera izango du, eta 3.320 metroko desnibela guztira. Erlo izango da lasterketako punturik altuena, 1.026 metrotara. Plazatik abiatuta, Santiago kalean Izarraitzera igotzeko ohiko bidea hartu beharko da. Behin Xoxoten, Kakutera igotzea izango da hurrengo erronka, Pago Bakarretik zehar. Ondoren Erlora joko dute lasterkariek, eta handik Haitz Bakarrera jaitsiko dira. Madalena auzotik sartuko dira berriro ere herrira, eta plazan bukatuko da lasterketa.

Anoa guneak. Edaria sei gunetan eskuratu ahal izango da, eta horietako lehenengoa Urretan bertan egongo da. Janaria, aldiz, bi gunetan; horietako lehenengoa Xoxoten egongo da.

Amaitu ondorengoak. Izarraraitz pilotalekuan dutxa nahiz masajea hartzeko aukera izango da. Gainera, Azpeitiko hainbat harakinek haragi egosia eta salda eskainiko dute.

Sariak

Seniorrak. Emakumeentzat eta gizonentzat sari berdinak izango dira. 1. sailkatuak txapela, garaikurra eta 400 euro jasoko ditu; 2.ak, garaikurra eta 250 euro; 3.ak garaikurra eta 100 euro; eta 4.ak, azkenik, 50 euro.

Beteranoak. Emakumeetan nahiz gizonezkoetan, lehen hiru sailkatuek garaikurra jasoko dute.

Azpeitiarrak. Sailkatzen den lehen emakumezko nahiz gizonezko azpeitiarrak saria jasoko du.

Guztientzat. Parte-hartzaile guztiek poltsa bana jasoko dute, opariekin; gainera, beste hainbat opari zokatuko dituzte lasterkari guztien artean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide