Pausoz Pauso martxa hilaren 26an egingo dute, presoen eskubideen alde

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 7a, 11:04

'Askatasuna auzia'-n auzipetutako Sabin Juaristi 'Torre', Argizka Zulaika, Gorka Besga eta Joxe Arruti, agerraldian.

Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Euskal Herria "aro errepresibo berri batean" murgildu dutela salatu du

Elkartasun Eguna, berriz, maiatzaren 31n izango da Azpeitian

Euskal presoen eskubideak aldarrikatzeko, Urola Kostako Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Pausoz Pauso ekimena antolatu du hilaren 26rako; hala, bi urtero bezala, martxa egingo dute Zarauztik Azkoitira. Halaxe azaldu zuten atzo eguerdian Azpeitiko Sindikatu Zaharrean egindako agerraldian.

Era berean, Espainiako eta Frantziako estatuek Euskal Herria "aro errepresibo berri batean" murgildu dutela salatu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak: "Kriminalizazioak eta ilegalizazioak, tortura basatiak, atxiloketa masiboak, presoen bizi osorako espetxe zigorrak, sakabanaketa eta bakartze politikak, preso gaixoen kaleratze eskubide urraketak... Euskal Herria salbuespen egoera batean murgildu dute".

Eskualdeari dagokionez, bertako "argazkia" egin zuten: "6 herritar Audientzia Nazionalea epaitzeko zain, 10 iheslari politiko, 19 euskal preso politiko; horien artean, zigorraren 3/4ak beteta, 5 euskal presok kalean egon behar lukete". Hala, 20 urte kartzelan daramatzaten Juan Mari Igarataundi eta Jose Mari Perez Txuri, 18 urte daramatzan Juan Karlos Arruti Paterra, 17 daramatzan Maritxu Uzkudun eta espetxean 16 urtez dagoen Luis Mari Lizarralde Arume izan zituzten gogoan.

Salatzea "delitu"

Azkenaldian sakabanaketa, tortura eta errepresioa salatzea "delitu" bilakatu nahi dituztela azaldu zuten, baita presoak, iheslariak eta beraien senitartekoak laguntzea eta babestea ere. Horren haritik, hil honetan Espainiako Audientzia Nazionalean egingo den Askatasuna eta Amnistiaren Aldeko Batzordeen aurkako epaiketa "horretara" doala iritzi diote. Bertan 27 euskal herritar daude auzipetuta; horien artean, Xabin Juaristi Torre azkoitiarra aurkitzen da.

Saiakera horretan "alferrik" dabiltzala nabarmendu zuen Amnistiaren Aldeko Mugimenduak, lanean tinko jarraitzeko asmoa adieraziz: "Herriz herri, eguneroko lanean jarraituko dugu".

Ekimenetarako deialdiak

Hala, eta "Euskal Herriak askatasuna behar duelako", hilaren 26ko Pausoz Pauso ekimenean parte hartzeko dei egin zuten.

Egitaraua

Apirilak 12, larunbata

12:30ean. Pausoz Pauso ekimenerako atxikimendua ematen duten eragile, pertsonaia eta koadrila guztiek argazki bat aterako dute, Azpeitiko Enparan dorretxean.

Apirilak 25, ostirala

22:30ean. Bertso saioa, Izarraitz pilotalekuan; Erniarraitz bertsozale elkarteak antolatuta. Bertsolariak: Andoni Egaña, Amets Arzallus, Haritz Etxeberria Ministro, Maialen Lujanbio, Joxe Agirre Oranda eta Jokin Uranga.

Apirilak 26, larunbata

Pausoz Pauso Zarautzen hasi eta Azkoitian bukatuko da. Autobusak antolatuko dituzte Zarautzera joateko, abiapuntura; izena ohiko tokietan eman ahal izango da.

  • 10:00etan. Hasiera ekitaldia egingo dute Zarautzen.
    - 11:00etan. Harrera Getarian.
    - 12:00etan. Harrera Zumaian.
    - 13:30ean. Harrera Zestoan, eta 14:30ean, bazkaria.
    - 16:30ean. Martxa berriro abiatuko da.
    - 17:45ean. Harrera Azpeitian.
    - 19:00etan. Azkoitira iritsiko da martxa.
    Jarraian. Amaiera ekitaldia egingo dute.
    - 21:00etan. Txotxa.
    - 23:00etan. Kontzertu emanaldiak izango dira.

Maiatzak 31, larunbata

Elkartasun Eguna, Azpeitian.

Azpeitiko presoak, deportatuak eta iheslaria

Presoak
- Juan Karlos Arruti. (Paterra) Puerto Santa Maria I (Espainia) kartzelan daukate preso, Azpeititik 1.070 kilometrora. 1989ko irailean atxilotu zuten.
- Gotzon Aranburu. Villenan (Herrialde Katalanak) preso, 760 kilometrora. 2002ko abenduan atxilotu zuten.
- Xabier Etxeberria. (Txapi) Mureten (Frantzia) preso, 350 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Jabi Agirre. Poisin (Frantzia) preso, 950 kilometrora. 2003ko urtarrilean atxilotu zuten.
- Joseba Segurola. Osnyn (Frantzia) preso, 880 kilometrora. 2005eko martxoan atxilotu zuten.
- Garikoitz Etxeberria. (Kafe) Bonxen (Galizia) preso, 665 kilometrora. 2007ko otsailean atxilotu zuten.
- Iker Iparragirre. Bois D'Arcyn (Frantzia) preso, 910 kilometrora. 2007ko uztailean atxilotu zuten.

Deportatuak
- "Iñaki Etxarte":http://www.uztarria.com/albistiek/1135674205. Kuban deportatuta.
- Maria Angeles Artola. Venezuelan deportatuta.

Iheslaria
- Juan Manuel Bereziartua. (Pakea)

Askatasunaren weba: www.askatu.org

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide