Juan Antonio Larrañaga Realetik bidali dute

Uztarria.eus 2008ko api. 9a, 14:04

Iñaki Badiola Realeko presidenteak kaleratze gutuna eman dio azpeitiarrari

Realaren harrobiko arduradun nagusia izan da 2006tik

Juan Antonio Larrañaga Realetik bidali dute, harrobiko arduradun nagusi postutik. Atzo (apirilak 8, asteartea) baieztatu zuen klubak berria bere webgunean jarritako ohar baten bidez. Zenbait iturriren arabera, atzo bertan eman zion Iñaki Badiola Realeko presidenteak kaleratze gutuna azpeitiarrari.

"Larrañaga Realaren harrobiko arduradun nagusia":http://www.uztarria.com/albistiek/1150025567 izan da 2006. urtetik eta 2010eko ekainaren 30era arteko kontratua zuen sinatuta klubarekin. Urte honetako martxoan, ordea, etorkizunean Larrañagarekin kontatzeko asmorik ez izatea posible zela iradoki zuen Badiolak (urtarrilean jarri zen hau presidente). Hori esan eta egun batzuetara, hala ere, Jose Ramon Eizmendi orduko Realeko entrenatzailearen bigarren laguntzailea izatea proposatu zioten.

Larrañagarekin batera, Mikel Sanjuan eta Manu Urbietari ere igorri zien Badiolak kaleratze gutuna. Aurrerantzean, beraz, Realetik kanpo geratu eta lehengo funtzioak betetzeari utziko diote hirurek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide