Izarraizko pistako giltza hilaren 31 baino lehen eskatu behar da udaletxean. Goiko Saletxe baserriaren parean dagoen langako giltza aldatuko dute, orain artekoaren kopia "asko zabalduta" dagoelako eta ez zaiolako "erabilera egokia" ematen. Orain, baimenak eguneratzeko prozedura berri bat tramitatzeari ekin dio Udalak.
Giltza berriaren eskaria Udaleko Erregistro Orokorrean egin behar da, goiz partean, eta indarrean dagoen araudiaren arabera justifikatua izan beharko du. Udalekoen esanetan, "araudiaren helburu nagusia mendirako bide publiko hori modu egoki batean erabiltzea da: beti ere baserrira, baso eta ganadu-ustiapenera edota Izarraitz gaineko zerbitzuetara joateko helburu zuzena du".
.10 laneguneko epea alegazioetarako
Udalak eskaerak aztertu eta behin behineko zerrenda onartuko du. Gero, 10 laneguneko epea izango dute interesatuek alegazioak edota erreklamazioak aurkezteko. Ondoren jakinaraziko dute behin betiko onartuen zerrenda eta telefonoz deituko zaie giltza izatea "behar bezala justifikatua dutenei" hitzarmena egin eta giltza jasotzera joateko.