"Etxebizitza politika berria eraikitzea beharrezkoa" dela uste du Batasunak

Uztarria.eus 2008ko api. 9a, 14:04

Apirilaren 4ko zozketan "injustiziaren argazkia" ikusi zela adierazi du eta Azpeitia "EAJk utzitako herentzia sufritzen" ari dela

"Ezker abertzaleak etxebizitza beharrak aztertuko dituen diagnostikoa egitea ezinbestekotzat" jo du

Apirilaren 4an Etxebeltz-Izarrako Babes Ofizialeko 154 etxebizitzen zozketan "injustiziaren argazkia" ikusi zen, Azpeitiko Batasunaren ustez: "Etxebizitzarako eskubidea ukatzen zaien herritar ugari, euren ametsak egi bilakatzeko aukera bakarra zozketa batek bahituta". Hala, Batasunak "etxebizitza politika berria eraikitzea beharrezkoa" dela uste du; hala adierazi du hedabideei igorritako prentsa oharrean.

Batasunaren esanetan, "promotora nahiz aberatsen beharretara egindako etxebizitza politika baten biktimak dira" herritar horiek eta "EAJk utzitako herentzia politikoa sufritzen" dihardu Azpeitiak oraindik: "Lur gehienak konstruktoreen esku, etxebizitza behar larria duten herritarrakĀ…". Horren aurrean, "herentzia politiko" horrek zerbait agerian utzi badu, hori, "etxebizitza politika berri baten beharra" izan dela azaldu du.

"Ezker abertzalearen konpromisoa"

"Ezker abertzaleak etxebizitza politika berri batetik, Azpeitia berria eraikitzeko konpromisoa hartua" duela esan dute eta, bide horretan, "arduraz" jokatuko dutela. "Herritarren beharrei erantzuteko gogoz eta egoera honi buelta emateko lan eginez".

"Etxebizitza beharrak aztertuko dituen diagnostikoa egitea ezinbestekotzat" jo du Batasunak. Ondoren, behar zehatz horiei erantzuteko "etxebizitza politika berria" eraiki behar dela esan du: "Merkatu libreko etxebizitzen negozioa neutralizatu behar da. Alokairu publikoa errealitate bihurtu eta babes ofizialeko etxebizitzak bultzatu. Etxebizitza tasatuen prezioak mugatu daitezke eta etxe hutsen inguruan hausnarketa sakona egitea ere beharrezkoa da".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide