Hil honetan bertan hasiko dira egiten alde zaharra eraberritzeko laugarren faseko lanak; Erdi kalekoak, hain zuzen ere. Luze joko dute lanek, lur azpiko azpiegituren sare osoa eta zoladura berrituko dutelako. Dena dela, kale horretan denda eta taberna asko egonik zatika egingo dute. Erdi kaleko lanak egiten ari diren bitartean, alde zaharra eraberritzeko lanekin non jarraitu behar duten aztertuko eta erabakiko du Udalak; hala esan dio 'Urola Kostako Hitza'-ri Xanet Esnaola (EAE-ANV) alkateordeak.
Hodi batzuk pasatuta
Perez Arregitik Soreasu auzora eraikitzen ari diren espaloi berria egiteko lanak bukatu orduko hasiko dira Erdi kalekoekin; dagoeneko hodi batzuk ere pasatu dituzte obrei ekiteko. Esnaolak dioenez, "lanak martxa onean" egiten ari dira: "Eliz kalea eraberritzeko obrak bukatu orduko Erdi kalean hastea zen gure asmoa, eta halaxe egingo dugu. Eliz kaleko lanak epe aldetik ondo joan dira".
Erdi kalean lan asko dago egiteko. Denda eta taberna asko dago, eta lur azpiko azpiegitura zabala da, "kanalizazio askorekin". Zatika egingo dute, eta urtebete inguru iraungo dute lanek; "kale horretako merkataritzari ahalik eta eragin gutxien egiten saiatuko gara eta, horregatik, denboraz eta zatika egingo da obra". 833.596 euroko aurrekontua du obrak, eta Altuna Uria enpresak egingo du.
Aztertu, erabakia hartzeko
Obretan ari diren bitartean, hirigune historikoa eraberritzeko lanek non eta nola jarraitu beharko duten aztertuko eta erabakiko du Udalak. "Santiago kalea hor dugu, baita herriko plaza ere. Erdi kalean obrak egiten ari diren bitartean, gero trafikoa nola antolatu beharko den aztertu beharko dugu. Horren arabera, Erdi kalea eta gero eraberritzeko lanek non jarraituko duen erabaki beharko da".
Eliz kalea, Perez Arregi plaza, Enparan kalea eta Plaza Txikia dagoeneko eraberrituta daude.