Hainbat herritarrek, Palestinak bizi duen egoeraren berri emateaz gainera, "Israelen aurkako boikot kanpainari" ekingo diote Azpeitian. "Maiatzaren 14an 60 urte beteko dira Israelgo estatua legez kanpo eta gerraren ondorioz sortu zutela. Aurten, palestinarrek, Nakba edo benetako katastrofearen 60. urteurrena gogoratuko dute", esan dute herritar haiek. "Urte horretan hasi zuten sionistek Palestinako estatua ukatu eta palestinarren kontrako sarraskia".
Hainbat ekitaldi antolatu dute hil honetan egiteko: hitzaldiak, film emanaldiak, muralak margotzea, bloga uztarria.com-en eta argazki erakusketa, besteak beste.
Antolatzaileen ustez, Euskal Herritik ere "babesa" emateko aukera dago Palestinako biztanleei. "Euskal Herritik, eta kasu honetan Azpeititik, palestinarrei bizirauteko borroka horretan laguntzeko aukera daukagu, eta borrokarako bide hori estatu sionistari eta israeldar guztiei boikota egitea da. Hegoafrikan balio izan zuen eta Palestinan ere balioko du".
Azpeitiar internazionalisten iritziz, "Euskal Herriak eta Azpeitiak badu garaia Palestinaren kontra Israel egiten ari den genozidioaren konplize ez duela izan nahi erakusteko".
Israelen aurkako boikot kanpainan parte hartzeko deia egin diote herritarrei eta baita antolatu dituzten ekitaldietara joateko ere. "Bestalde, aurten ere, Askapenarekin brigadista bezala Palestinara bidaiatzeko aukera badago. Hemen bildu garenetako batzuk izan dugu esperientzia hori bizitzeko aukera eta animatu nahi zaituztegu aukera horretaz baliatzeko".
Palestinaren aldeko ekitaldien egitaraua
- Ikastetxeetan hitzaldiak. Herriko ikastetxeetan Palestinako kasuaren inguruan hitzaldiak emango dituzte.
- Argazki erakusketa. Gaur hasi eta hilaren 22rako asteburuetan argazki erakusketa egongo da herriko hainbat tabernatan.
- Muralak margotuko dituzte Gaztetxean.
- Bloga martxan jarri dute. Uztarria.com webgunean Palestinaren inguruko gogoetak eta argazkiak biltzeko bloga zabalduko dute.
- Hiru film. Azpeitiko Zine Klub Taldeak hiru film emango ditu, 21:30ean, Betharrametan.
-Apirilak 15, asteartea. Piedras filma. -Apirilak 17, osteguna. *SoƱar en Nablus*. -Apirilak 22, asteartea. Dokumental bat.
- Hitzaldia. Hilaren 18an hitzaldia antolatu dute, 21:30ean, Txarrantxa tabernan.