Familia euskaldunetan egonaldiak egiteko deialdia zabaldu dute

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 16a, 11:04

Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundeak antolatzen ditu urtero

Azpeitiko eta Azkoitiko udaletako Euskara eta Kultura sailek bat egin dute ekimenarekin eta bi herrietan deialdia egin dute

Eusko Jaurlaritzaren HABE erakundeak Egonaldiak familia euskaldunetan izeneko ekimena antolatzen du urtero, Euskal Herriko hainbat familiaren laguntzarekin. Ekimenaren helburu nagusia, euskara inguru euskaldun batean praktikatu eta bertako bizimodu eta kultura gertutik ezagutu nahi duten pertsona helduei familia euskaldun batean hilabeteko edo bi hilabeteko egonaldiak eskaintzea da.

Azkoitiko eta Azpeitiko udaletako Euskara eta Kultura sailek bat egin dute ekimenarekin eta bi herrietan deialdia egin dute. Azken bost urteotan ez du HABEk zuzenean kudeatzen ekimena, finantziazioan eta jarraipena egiten parte hartzen jarraitzen duen arren. Bilboko Ulibarri eta Donostiako Urrats euskaltegiek antolatuko dituzte 2008ko udako egonaldiak.

Parte hartzeko baldintzak

Udan euskara ikasi nahi duten ikasleak etxean hartu nahi dituzten familiek hainbat baldintza bete behar dute. Familiako ohiko komunikazio-hizkuntzak euskara izan behar du. Egonaldiak hilabetekoak izango dira gutxienez, eta hilabete bakoitzean lagun bakarra hartuko dute etxean. Egonaldiak irauten duen bitartean, gutxienez, hiru lagunek bizi beharko dute etxean eta ikaslearentzako logela bat libre izan beharko dute. Familiak, horren truke, 650 euro jasoko du hilabeteko. Izena emateko epea zabalik dago hilaren 25a arte.

Eusko Jaurlaritzak egonaldien inguruko informazioa jasotzeko bi telefono zenbaki jarri ditu eskura: familientzako 943 474447 eta ikasleentzako, berriz, 94 4162472. www.egonaldiak.net webgunean ere egonaldien berri ematen du Eusko Jaurlaritzak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide