Ekainaren 14an izango da Uema Eguna, Azpeitian

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 17a, 12:04

Egun osoko festa izango dela iragarri dute udal elkarteko zuzendaritzako kideek

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak Batzar Nagusia egingo du orduan

Ekainaren 14an Batzar Nagusia egingo du Uemak (Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea) Azpeitian, eta egun berean Uema Eguna ospatuko dute bertan. "Iaz ez zen egin festa egun hori. Baina urte batzuetan egin izan da, eta aurten berriz ospatuko dugu", azaldu zuten atzo (asteazkena) Uemakoek. Azpeitiko Udalak apirilaren 5ean Ueman sartzea erabaki zuen.

Uemaren Eguna Azpeitian egitea proposatuko zutela jakina zen, Uztarria Azpeitiko herri aldizkariko martxoko zenbakian aurreratu zuenez Jon Bollar Uemako lehendakariak. Honelaxe zioen han: "2008ko Uema Eguna Azpeitian ospatu dadila proposatu nahi dugu. Gure asmoa da aurten mankomunitatean sartuko den udalerri bati proposatzea ospakizunaren antolakuntza".

Mankomunitatea bera eta Uema Eguna indartzeko asmoa ere badutela adierazi zuten atzo: "Gure helburua apurka Uema indartzen joatea da. Bertan, herri gehiago sartuko direnez, Uema Egunari berari ere indarra eman nahi diogu".

Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 50 udal ditu gaur egun. Baina Batzar Nagusian beste udal batzuk sartzea erabakiko dute; tartean Azpeitia dago. "Nahiz eta udalbatzarretan erabakiak hartuta eduki, Ueman sarrera ofiziala Batzar Nagusiak onartu ondoren emango zaie kide berriei", dio Jon Bollar elkarteko lehendakariak.

Ueman sartu edo ez erabakitzeko gaur udalbatzarra egingo dute Mallabian. Aitor Loiola Mallabiko alkatea Azpeitiko udalbatzarrera etorri zen hilaren 5ean, Uemara sartzeko erabakia nola hartzen zuten ikusteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide