Peñagarikanoren aukerak

Uztarria.eus 2008ko api. 17a, 15:04

Ostiralean jokatuko du Irujoren kontra Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenetako partida, Donostian

Iban Otaegik, Jesus Ruiz Argandoñak eta Juan Mari Beristainek partida irabazteko "aukerak" dituela diote; "erraza izango ez bada ere"

Azkeneko albistea (larunbata, 11:00). 22-12 irabazi du Irujok

Kepa Peñagarikano pilotariak Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenetako partida jokatuko du ostiral honetan Donostian Juan Martinez Irujoren kontra (igandean Peñagarikanok Imanol Agirreri 22-12 irabazi zion), eta Iban Otaegi pilotariak, Jesus Ruiz Argandoña Keuttin Ilunpe Elkarteko kideak eta Juan Mari Beristain pilotari ohiak "sasoi onean" ikusi dute, Uztarria.com-i esan diotenez. Oraingoa irabazteko "aukerak" dituela esan dute, "erraza izango ez bada ere".

Beristainen hitzetan, "lesionatuta egon da Irujo eta ez dakigu nola aterako den frontoira. Hala ere, oso pilotari ona da eta ez da erraza izango hari irabaztea". Ruiz Argandoñak, berriz, Peñagarikano "lasaiago" aterako dela uste du: "Galtzeko ez dauka ezer eta irabazteko, aldiz, bai", dio.

Hirurek egin diote aipamena duela bi urte Peñagarikanok Irujoren kontra jokatutako partidari. "Duela bi urte ezin izan zion partida irabazi baina aurten hobeto prestatuta dagoela esan du", azaldu du Otaegik. Ruiz Argandoña eta Beristain, berriz, bat etorri dira duela bi urte "oso partida ona" egin zuela esanez.

"Zailena eginda"

Partida irabazteko "frontisaren goian" jotzea gomendatu dio Beristainek: "Partida dominatzeko goian jotzea beharrezkoa da. Gero, tantoa bukatu behean egin beharko da, jakina". Hala ere, "zailena" egin duela dio pilotari izandakoak. "Lehenengo partida irabaztea oso garrantzitsua izaten da, horrek ilusioa sortu eta beldurrak alboratzen laguntzen duelako", uste du Beristainek.

Ostiralean jokatuko dute partida Atano III.a pilotalekuan, 22:00etan hasita.

Pilota aukeraketa

Irujok eta Peñagarikanok pilota ezberdinak aukeratu zituzten atzo (asteazkena), biharko partidarako. Irujok hautu bitxia egin zuen, Cipriren bi pilota, 104,7 eta 106 gramokoak, baita zergatia azaldu ere. "Binaka Punpakoak nahiago ditut, baina buruz buru Ciprirenak hobeto datozkit".

Peñak, aldiz, Punpakoak aukeratu zituen, 105,1 eta 106,8 gramokoak. Pilota astunak hautatu zituen, mugitzeko oso zailak.

Ikusi Kepa Peñagarikanori uztarria.com egindako elkarrizketa digitala

Azkeneko albistea (larunbata, hilak 19, 11:00). 22-12 irabazi du Irujok

Juan Martinez Irujok erraz samar irabazi zion atzo (ostirala) gauean Kepa Peñagarikanori: 22-12. Ondo ekin zion Peñagarikanok Buruz Buruko Txapelketako final-zortzirenetako partidari, 2-4 jarri zelako irabazten. Segituan hartu zuen aurrea, ordea, Irujok (7-4), eta harrezkero nagusi izan zen: 12-7, 19-7 eta 22-12. Sebastian Gonzalezen kontra jokatuko du final-laurdena Irujok.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide