Pirinioetako elur artean oinez

Urola Kostako Hitza 2008ko api. 18a, 11:04

Lagun Onak Mendi Bazkunako mendizaleak joan den asteburuan Pirinioetan.

Lagun Onak Mendi Bazkunako mendizaleak Garmo Negro (3.051 metro) eta Peyreget (2.483 metro) mendietan ibili dira joan den asteburuan

Mendian ibiltzeko "eguraldi paregabea" izan dute

Joan den asteburuan Lagun Onak Mendi Bazkunako mendizaleak Pirinioetan izan dira. 15 lagunek parte hartu zuten irteeran eta eguraldia lagun izan zuten: "Bikaina izan genuen eguraldia eta aurreikusitako ibilaldiak egiteko aukera izan genuen".

Larunbatean 08:00etarako Pantikosako (Huesca, Espainia) bainuetxean ziren azpeitiarrak; "mendirako motxilak prestatu eta gosaldu ondoren mendirantz irten genuen". Garmo Negro (3.051 metro) tontorra igo zuten. "Irten orduko elur asko zegoen bidean, eta tontorrera iritsi arte elkar txandakatuz bidea irekitzen joan ginen, egur ederra hartuz". 17:00etarako mendizaleak Pantikosako bainuetxean ziren berriro. Atsedena hartu eta gero, autobusez, Piedrafita de Jaca herrira joan ziren aterpea hartzera.

Igande goizean aterpean gosaldu ondoren, Peyreget (2.483 metro) mendia igotzeari ekin zioten: "Bezperan bezalaxe elur asko zegoen han ere. Bost bat orduko mendi buelta egin genuen, baina ez ginen gailurrera igo, etxerako buelta luzatuko zitzaigulako eta konforme ginelako larunbatean egindako mendiarekin". Portaletera jaitsi eta autobusean arropak aldatuta, Sallent de Gallego herrira joan ziren mokadutxoa egitera. 19:00ak alderako Azpeitian ziren bueltan.

Mendizaleek adierazi dutenez, "irteera polita izan da asteburukoa, maiatzaren aurrenean Gorliztik Azpeitira antolatu dugun zeharkaldia prestatzeko".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide