Boulder txapelketan Segurola eta Karapeto finalean izan ziren

uztarria.com eta Urola Kostako Hitza 2008ko api. 21a, 14:04

Goiko argazkian, Maite Segurola txapelketan. Behekoan, Gorka Karapeto.

Larunbatean jokatu zuten Euskal Herriko III. Boulder Txapelketa Zarautzen

Maite Segurola eta Gorka Karapeto Azpeitiko eskalatzaileak bosgarren eta laugarren sailkatu ziren

Euskal Herriko III. Boulder Txapelketa jokatu zuten larunbatean Zarauzko Aritzbatalde kiroldegian. Denera, 58 eskalatzailek hartu zuten parte eta horien artean baziren azpeitiarrak ere.

Senior gizonezkoetan, esaterako, Gorka Karapetok finalera sailkatzea lortu zuen. Finalean lau bloketatik bakarra igotzea lortu zuen eta laugarren sailkatu zen. Joseba Sainz atera zen garaile.

Senior emakumezkoetan ere azpeitiar bat izan zen finalean: Maite Segurola. Sailkapeneko bosgarren postuan gelditu zen Segurola. Esther Cruz zumaiarra izan zen senior emakumezkoetan hoberena, bigarren urtez.

Lau bloke gainditzeko

Eskalatzaile guztiek lau bloke gainditu behar zituzten finalean. Bost minuturo irten ziren parte-hartzaileak lehiara; goizean egindako postuen arabera, atzetik aurrera. Blokeak ahalik eta saio gutxien eginda igo behar zituzten.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide