Erabaki dute aurtengo Joxe Takolo Beka nori eman, Udaleko Kirol Sailetik jakinarazi dutenez: Leire Agirre azpeitiarrak, David Gancedo bilbotarrak, Tony Arbones katalanak, Benoit Dorzas suitzarrak eta Kurt Albert alemanak osatutako taldeari, Marokon eskaladako bide bat zabal dezaten.
Tratarat-eko paretetan Joxe Takolo
izeneko 500 metroko bidea 7. gradukoa irekitzeko proiektua da bekaren bidez lagunduko dutena, 1.680 euroko laguntza emanda. Maiatzaren erdialdean abiatuko dira hara, pare bat asterako.
Larunbatean jasoko dute Beka
Larunbatean beka emateko ekitaldia antolatu du Udaleko Kirol Batzordeak, 12:00etan, udaletxeko areto nagusian. Han eskalatzaileek proiektua azalduko dute.
Joxe Takolo Beka 2001ean sortu zuten goi-mendizaletasuna bultzatzeko asmoarekin, eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, Euskal Herriko Mendi Federazioak eta Azpeitiko Udalak finantzatutakoa da.
Aurreko urteetako Joxe Takolo Beka-ren irabazleak
- Pumori (2001).
- Nanga Parbat (2002).
- Elurretako Leopardoa (2003).
- Trangoko dorreak eta Ametsak mugimenduan noraino? 8c-aren kateraino (2004).
- Euskal espedizioa Baintha Brakk 2005 (2005).
- 2006an beka hutsik geratu zen.
- Mendi Bira 2007: escaladas de alta dificultad alrededor del mundo (2007).
- Joxe Takolo bidea Marokon (2008).
Joxe Takolo gogoan
Uztarriak 2001eko ekainean aurkeztu zuen Joxe Takolori buruz idatzitako liburua. Enekoitz Esnaola kazetari azpeitiarrak idatzi zuen liburua eta Azpeitiko mendizalearen biografia jasotzen du.