Maiatzaren 10ean jokatu du Azpeitiak Herriarteko Pilota Txapelketako lehen partida

Uztarria.eus 2008ko api. 24a, 11:04

Joan den astean egin zuten zozketa eta asteburuan jokatuko dituzte lehen partidak

Iaz finalera iritsi zelako, Azpeitia final-hamaseirenetan hasiko da

Maiatzaren 10ean jokatu du Azpeitiak Herriarteko Pilota Txapelketako lehen partida. Joan den astean egin zuten zozketa eta asteburuan jokatu dituzte txapelketako lehen partidak. Iaz finalera iritsi zelako, Azpeitia final-hamaseirenetan hasiko da lehian.

Denera, 26 herrik hartuko dute parte eta asteburu honetan 26 horietatik 20k jokatuko dituzte partidak. Hortik, 10 sailkatuko dira final-hamaiserenetarako eta iaz hoberenak izan ziren herriak gehituko dira lehiara, beste 6 herri, hain zuzen; tartean Azpeitia.

Jesus Ruiz Argandoña Keuttin Ilunpeko kidearen arabera, "ekipo ona" prestatu dute aurtengo txapelketarako: "Iaz bezala, finalera iristeko modukoa. Gero, hala ere, ikusi egin beharko da, aurretik ez delako jakiten".

Amezketa edo Beasain izango du kontrario Azpeitiak maiatzaren 10ean. Izan ere, asteburu honetan eta hurrengoan jokatu dituzte bi herri horiek elkarren kontrako partidak eta irabazle ateratzen denak jokatuko du Azpeitiaren kontra. Lehenengo partida, hau da, joanekoa, kanpoan jokatuko du Azpeitiak eta itzulikoa etxean.

Pilotari berri bat taldean

"Batek ezik, iazko pilotari berdinek jokatuko dute aurtengo txapelketa", dio Ruiz Argandoñak. Pilotari berri bat gehituko da aurten taldera. Kadeteen mailan Markel Etxanizek jokatuko du lehen aldiz iazko Andoni Aizpururekin. Jubeniletan, iaz kadete mailan jokatu zuen Daniel Murgiondok jokatuko du Joanes Otamendirekin batera. Eta maila nagusian iazko berdinak ariko dira: Jurgi Larrañaga eta Josu Uzkudun.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide