Espainiako Audientzia Nazionalak Euskal Herriko Udalen eta Udal Hautetsien Biltzar Udalbiltzaren aurkako auzia ireki zuenetik bost urte bete ziren atzo.
"Orduan gertatutako erasoa gogorarazteko eta gaur egun bizi den egoera salatzeko" elkarretaratzeak egin zituzten atzo, asteartea, eskualdeko hainbat herritako udaletxeen aurrean, Bai Udalbiltzari, bai Euskal Herriari lelopean.
Miren Odriozola auzipetuen artean
Udalbiltza auzia-n auzipetuta dauden 22 lagunentzako 10 eta 23 urte bitarteko zigorrak eskatu dituzte. Auzipetuen artean Miren Odriozola azpeitiarra dago eta 10 urteko kartzela zigorra eskatzen dute berarentzat. Berdin Xarlo Etxezaharreta hazpandarrarentzat ere -Azpeitia Hazparnerekin senidetuta dago 80. hamarkadatik-. Etxezaharretari ere 10 urteko kartzea zigorra eskatzen diote.