300 lasterkari inguruk irtengo dute Izarraizko I. Mendi Lasterketan

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 6a, 17:05

Ibilbidean ibili direnek "oso gogorra" dela esan dute eta antolatzaileak ere iritzi berekoak dira

Ibilbide osoa egiteko denbora muga ere jarri dute: gehienez lau ordutan bukatu beharko da

Azken kontu batzuk lotzea besterik ez zaie falta Izarraizko I. Mendi Lasterketaren antolatzaileei, Lagun Onak Mendi Bazkunekoei. Igandean da lasterketa, 10:00etan, herriko plazatik irtenda. Dagoeneko Internet bidez izena emateko epea bukatuta dago eta "bakar batzuk" telefonoz ari dira izena ematen. Onartutakoen zerrendan 285 kirolari daude, "guztira 301ek dute izena emanda, baina batzuk ordaindu gabe daude eta horien parte-hartzea ziurtatu beharra daukagu", dio IƱigo Orbegozok, antolatzaileetako batek.

Eskualdeko hainbat lasterkari ezagunek (Nerea Amilibia eta Enekoitz Aizpuru, esaterako) parte hartuko dute, baita kanpotik etorritako "goi mailako" kirolariek ere. Parte hartuko dutenetako batzuk ibilbidea ikusten eta entrenatzen ibili dira dagoeneko eta "oso gogorra" dela diote. Antolatzaileak ere iritzi berekoak dira: "Oso-oso gogorra da ibilbidea. Aizkorriko lasterketarekin alderatuz gero, han 42 kilometrotan 5.400 metro inguruko desnibela dute. Izarraizkoan, berriz, 21 kilometroan 3.320 metroko desnibela dago. Ibilbidean ibili direnek esan digute gogorra dela". Kakutan, esaterako, kilometro bakar batean 300 metroko desnibela du ibilbideak.

Irteeratik abiatu eta lehen 11 kilometroak "maldan gora" direla azaldu du Orbegozok; "gero, mendian goian ibili eta pixkanaka Azpeiti alderantz jaisten hasiko dira". Ibilbidea gogorra bada ere, bai parte hartuko dutenentzat bai lasterketa ikustera joango direnentzat "polita" izango dela gaineratu du.

Ibilbide osoa egiteko gehienezko denbora muga ere jarri dute: gehienez lau ordutan bukatu beharko da. Hala ere, lehenengoek bi ordu inguruan egingo dutela uste dute; "bakarren batek bi ordu baino gutxiagoan ere egin dezake".

IZARRAIZKO I. MENDI LASTERKETA DATUTAN

Parte-hartzea:285 kirolari.Onartutakoen zerrendan 285 lasterkari daude.

Gehienezko parte-hartzaile kopurua:350. Lasterketa antolatzen:80 lagun inguruk parte hartuko dute.

Ibilbidea:21,2 kilometro.Hiru kilometro asfaltoan. Lehen 11 kilometroak aldapan gora.

Desnibela:3.320 metro.

Punturik baxuena:85 metro, irteeran eta helmugan, Azpeitian.

Punturik altuena:1.026 metro,Erlo.

Igoko dituzten mendiak:Xoxoteko aterpea (905 metro), Kakuta (924 metro) eta Erlo (1.026 metro).

Guneak: Tarteko helmuga.Bi kilometrotara.

Edariarenak eta janarienak.

Urretan (ura), Xoxoteko aterpean (ura eta jatekoa), Kakuteko malda azpian (ura), Erlora iritsi aurretik dagoen artzain txabolan (ura, jatekoa eta glukosa), Erlotik behera pinudiaren azpian (ura eta glukosa) eta Oranda inguruan (ura eta glukosa).

Denborak:

Irteera.10:00etan, Azpeitiko plazatik.

Denbora kontrolak.Lau.

Helmuga.Azpeitiko plazan.

14:00etan kontrola itxi egingo dute.

Lasterketa egiteko gehienezko denbora.Lau ordu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide