Elvis gogoan, Elvisavuelo

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 7a, 11:05

Elvisavuelo taldekoak kontzertu batean (Pello Larrañaga).

Elvis Presleyren bertsioak egiten dituen musika taldea da Elvisavuelo

Orain, kontzertu batzuk emateko asmoarekin, taldea ezagutzera emateko euren abestietako bat grabatu dute

2006ko udazkenean, Elvis Presley zenaren zale amorratua den Angel Azkue azpeitiarrak Azpeitiko eta Azkoitiko musikari batzuk bildu zituen "Jon Alberdiren laguntzarekin", bere "ilusiorik handienetako bat" aurrera eramateko: "Elvisen abestien bertsioak abestea jendaurrean". Abesti batzuk prestatu, entseatu, eta lehen kontzertua Loiolako Xanadu kafetegian eman zuten orain dela bi urte. Hala, etxean bere kasa Elvisen abestiak abesten jardutetik oholtza gainera igo zen Azkue, Elvisavuelo taldeko abeslari bezala.

"Xanaduko kontzertuak lehena eta azkena izan behar zuen berez: entseatu, jo, eta oroigarri bezala maketa bat grabatzea zen gure asmo bakarra". Baina lehen kontzertuak arrakasta izan zuen, eta beste kontzertu batzuk jotzeko aukera sortu zitzaion Elvisavuelori. Orain arte kontzertuetan "kritika onak" jaso dituzte, gainera: "Kontzertuetara etorri den jendeari gustatu zaio egiten duguna; orain, hemendik aurrera, ikusi egin behar zer esaten duten ordea". Orain, taldea ezagutarazteko grabazio berri bat egin dute eta, ondorioz. taldea handitu egin da. "Grabazioa egiteko kide berriak sartu dira taldean, eta orain zazpi lagunek osatzen dugu Elvisavuelo".

Elvisen zaletu amorratuak

Elvis Presley zenaren "zale amorratua" da Angel Azkue, baina taldean beste zaletu bat ere bada orain: "Gurekin Iñaki Miguel donostiarra hasi da jotzen eta hau ere Elvisen zaletu-zaletua da". Elvisavuelok Elvis Presleyren bertsioak bakarrik abesten ditu.

Elvisek gauza asko dituela dio Azkuek; "ahotsa", besteak beste. "Niretzako, Elvis Presleyren bizitzan hiru garai daude: hasierakoa, erdikoa eta bukaerakoa. Garai bakoitzean ahots bat du, desberdina. Niretzako azkeneko garaia izan zuen onena: orkestrarekin eta izugarrizko ahotsarekin... Bigarren garaia ere gustukoa dut: filmetako baladak, kantuak...oso-oso politak dira horiek ere". Gustukoen dituen kantuak, "bakarren batzuk esatearren", If I can dream eta Suspicious Minds direla dio.

Azkue, Elvisen arrastoen atzetik Menphis-en (Amerikako Estatu Batuak) ere izana da: Graceland Elvis zenaren etxea bisitatzera joan zen ezkon-bidaian. "Amets bat bete nuen orduan, eta orain Las Vegas-era (AEB) joatea falta zait beste bat betetzeko".

Esperientzia berria

Elvisavueloko kide gehienentzako ez da berria jendaurrean kontzertuak jotzea edota musika talde batean aritzea. Gehienak hainbat taldetan ibilitakoak edota dabiltzanak baitira: Jotakie, Piztiak, 12 Tribu, Fundiziyue, Os Gallardos, Estruktura... Baina abeslariarentzako, Angel Azkuerentzako, jendaurrean abestea berria izan da, "lehen bakar-bakarrik etxean, lanean, nire ezkontza egunean... jarduten nuelako kantuan". Baina gustatu zaio jendaurrean aritze hori: "Niretzako esperientzia mundiala izan da, batzuetan esaten diot nire buruari: baina non sartu naiz. Baina, bai, esperientzia ona izaten ari da".

Gainera, jendaurrera itxuraz aldatuta irteten dira, "girotzeko pixka bat". Elvis Presley zenaren antzera jantzita eta, "orrazkerak-eta Kimetz ileapaindegikoek egiten dizkigute".

Grabazio berria

Maketa bat grabatu dute orain taldea ezagutzera emateko: "Nahiko ondo irten da grabazioa eta taldekideak animatu egin dira eta orain jarraitzekotan gaude", dio Azkuek. Baina diskoa ez dute merkaturatuko: "Disko bat ateratzeko, eta gauzak ondo egiteko, egile eskubideak ordaindu beharko genituzke. Gure asmoa 11 kantu grabatzea zen, baina bostek akatsak zituzten, eta taldea promozionatze aldera sei bat kantutan utzi dugu grabazioa".

Grabazioa Josu Zubizarretak egin du, bere estudioan: Azpeitiko Lobo estudioan, hain zuzen ere. Zubizarreta Elvisavueloko kidea ere bada eta, honen esanetan, grabatzerakoan lanak zaildu egin dituzte: "Nik eta Pello Larrañagak kontua zailagoa egin dugu grabazioa egiterako orduan: teklatua jotzeko eta gitarra jotzeko beste bi lagun hartu ditugu talderako, horrela grabatuta soinu hobea zuelako. Gure asmoa, grabazioan entzuten den hori zuzenekoan ere hala izatea da", dio Zubizarretak. "Grabatutakoa kontzertuak antolatzen dituztenei bidaltzeko da, taldeak zer egiten duen ezagutu dezaten".

Zubizarretak dioenez, Elvisavuelon aritzea "berezia" da, "nire asmoa inoiz ez da izan bertsioak egitea, baina taldean giro oso dago gure artean eta kontzertuak jotzeko gogoz gaude". Bi hitzordu behintzat zehaztuta dituzte Elvisavuelokoek: hilaren 31n Azkoitian eta ekainaren 7an Azpeitian, Sanjuandegi auzoko festetan. "Zehaztu gabeko beste batzuk ere badira baina...", dio Zubizarretak.

Elvisavuelo taldea

Taldea:

Elvisavuelo taldeak zazpi kide ditu: Angel Azkue, Josu Zubizarreta, Pello Larrañaga, Jagoba Domingo, Josu Azkue, Iñaki Miguel eta Karmele Gorostiaga.

Sorrera: 2006ko udazkena.

Lehen kontzertua: Loiolako (Azpeitia) Xanadu kafetegian, 2006an.

Entseatzeko tokia: Urrestillako musika taldeen lokaletan entseatzen dute.

Hurrengo kontzertuak

Maiatzak 31, larunbata. Azkoitiko plazan joko dute, 22:30ean.

Ekainak 7. Azpeitian, Sanjuandegin joko dute, auzoko festen baitan.

Interneten

Musika taldearen helbidea: www.myspace.com/elvisavuelo

Interneten entzuteko moduan jarri dituzten abestiak: Burning love, 'I've got a woman', 'I can't help falling in love' eta Suspicious minds.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide