Borroka eguna deitu du ezker abertzaleak ostegunerako

Uztarria.eus 2008ko mai. 7a, 15:05

"PSOEk eta EAJk prestatutako mozio "anti-etikoa" baztertzeko" eskatuko dute osteguneko plenoan

.12:00etan elkarretaratzeak egingo dituzte ikastetxe eta lantegietan, 19:00etan manifestazioa abiatuko da plazatik eta 20:00etan plenoa izango da

"Egoerak hala eskatzen duelako", borroka eguna deitu du ezker abertzaleak ostegunerako. Duela astebete espetxeratu zuten Arrasateko alkate eta EAE-ANVko ordezkari Ino Galparsoro. Horren harira, "PSOk eta EAJk euren mozio "anti-etikoaren" bidez lortu ez zutena, indarrez, Baltasar Garzon epaileak egin duela" salatu du ezker abertzaleak.

"Orain, Arrasateko alkatea kargutik bota nahi izan zuten beraiek, Azpeitiko alkate IƱaki Errazkin eta EAE-ANVko gainerako ordezkarien dimisioa eskatzeko mozio "anti-etikoa" osteguneko plenoan aurkeztuko dute" diote. Jokabide horrekin, EAJk Euskal Herriari "iruzur egin" eta "PSOEren eskutik" bere boterea mantentzeko "edozer egiteko prest" dagoela erakutsi duela uste du ezker abertzaleak.

"Osteguneko plenoan, Azpeitiarrek euren botoen bidez erakutsitako borondatea errespetatzeko exijituko diegu jeltzaleei, eta PSOEren aginduetara aurkeztutako mozio "anti-etikoa" baztertzeko eskatu".

Osteguneko mobilizazioak

12:00etan elkarretaratzeak egingo dituzte ikastetxe eta lantegietan. Gero, 19:00etan manifestazioa egingo dute plazatik abiatuta eta ondoren, 20:00etan plenoa izango da udaletxean. Ezker abertzaleak ekimenetan parte-hartzeko deia egin die herritarrei

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide