Lasarten abiatuko du Azpeitiak GR-16 Bertso Bidea

Uztarria.eus 2008ko mai. 8a, 15:05

Bihar, ostirala, Zabaleta auzoan lehiatuko dira bi herriak bertsotan, afalostean

Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Josu Oiartzabal, Silvia Etxaniz, Jokin Sudupe eta Haritz Etxeberriak osatzen dute Azpeitia taldea

Lasarten abiatuko du Azpeitiak GR-16 Bertso Bidea. Bihar, ostirala, Lasarte-Oriako Zabaleta auzoan lehiatuko dira bi herri horiek bertsotan. Afalostean hasiko da emanaldia.

Euskal Herriko hainbat herritako bertsolariak eta bertsozaleak biltzea, plaza gutxi egiten dituzten bertsolariei aukera ematea eta herrietako bertso-eskoletara jende berria gerturatzea ditu helburu GR-16 Bertso Bidea egitasmoak. Denera, izenak dioen bezala, 16 herrik hartuko dute parte.

Azpeitiko taldea

Azpeitiaren ordezkariak honako bertsolariak izango dira: Jokin Uranga, Beñat Lizaso, Josu Oiartzabal, Silvia Etxaniz, Jokin Sudupe eta Haritz Etxeberria ‘Ministro’. Hirunaka jardungo dute saio bakoitzean.

Haritz Etxeberriak azaldu duenez, "bertsolarioi saio gehiago egiteko aukera eskaintzen dio egitasmo honek". Horrekin batera, lagun artean aritzeko aukera zabaltzen duela ere gaineratu du: "egitasmoak hainbat herritako bertsolarioi elkarrekin jarduteko aukera ematen digu. Izan ere, askotan bertsolariok lagun berdinekin jarduten dugu bertsotan".

Duela bost urte jarri zuten martxan proiektua. Orduan, Hernani, Oiartzun, Lasarte eta Orioko bertso-eskolek parte hartu zuten. Gero, Errenteriakok gehitu zen eta duela hiru urte, Zarautzek, Lesakak eta Mallabik GR-8ra zabaldu zuten ekimena. Iaz hartu zuen parte lehen aldiz Azpeitiak; Goierri, Urretxu-Zumarraga eta Zumaiarekin batera lotu zitzaion lehiaketari. Aurten estreinatuko dira Gasteiz, Hendaia, Oñati eta Zestoa.

E multzoan

Lau sailetan banatu dituzte herriak. Azpeitia E multzoan dago, Zarautz, Zestoa eta Lasarterekin batera. Beraz, beste hiru herri horiekin lehiatuko da udazkenera bitartean, joan-etorriko saioetan. Denera, sei saio egingo ditu herri bakoitzak. Orain, Lasartera joango dira hemengoak eta, gero, maiatzaren 23an lehiatuko dira Azpeitian, oraindik ordua eta tokia zehaztu gabe dauden arren. Finala azaroan izango da. Aurreko urteetan bezala, aurten ere entzulea izango da epaile Bertso Bideko saioetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide