Maila igoera jokatzeko, Lagun Onak-ek Gernikari irabazi beharra dauka

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 14a, 11:05

Espainiako Hirugarren Mailako sailkapena.

Sailkapenean postu bat aurrera egitearekin nahikoa du eta lan hori "taldearen gain" dagoela dio Zulaikak

Larunbatean 18:00etan jokatuko dute Garmendipen

"Larunbatean Gernikari irabazten badiogu, maila igoera jokatuko dugu", dio Aitor Zulaikak, Espainiako Hirugarren Mailako Lagun Onak Azpeitiko futbol taldeko entrenatzaileak. "Gure gain dago maila igoera jokatzea, ez daukagu beste futbol zelaietan zer gertatuko zain egon beharrik. Gure aukera bakarra Gernikari irabaztea da, berdinketa egiteak edota partida galtzeak ez digu balio. Gure gain egotea, gainera, positiboa da", dio.

Lagun Onak seigarren dago sailkapenean 63 punturekin eta Gernika, berriz, laugarren, 65 punturekin. Sailkapeneko lehen lau taldeak jokatuko dute Espainiako Bigarren B Mailara igotzeko fasea, baina kasu honetan Basconia (bigarren dago, 65 punturekin) ez da kontuan hartu behar; hala azaldu du Zulaikak: "Bilbao Athletic-ek maila mantendu egin du eta, beraz, Basconiak ez du mailaz igotzeko aukera jokatuko. Guk postu bat aurreratzearekin nahikoa izango dugu. Hori Gernikari irabazita lortuko dugu, eta gure esku dago".

Maila igoera jokatzeko gogoz daude azpeitiarrak, baina aurrena larunbateko partidan lan egin beharra daukatela argi dute futbolariek. "Lagun Onak-entzako eta Azpeitia bezalako herri batentzat garrantzitsua izango da igoera jokatzeko aukera izatea". Aukera hori denboraldi osoan egindako "lanaren ondorioa" izango dela dio entrenatzaileak.

Garmendiperako gonbita

Larunbatean zaletuak Garmendipera gonbidatu nahi dituzte Lagun Onak Futbol Taldekoek: "Guretzako garrantzitsua izango da herritarrak taldea ikustera etortzea, eta ez ikustera bakarrik, animatzera ere bai, dena beharko dugu-eta Gernikari irabazteko". 18:00etan hasiko da partida.

Izan ere, denboraldi honetan lortutako emaitza onak bezain garrantzitsua izan da zaletuak futbola ikustera joatea, Lagun Onak futbol taldekoen ustetan: "Denboraldi honetan Garmendipera jendea eraman dugu, jendea etorri da taldea animatzera, eta hori emaitza onak lortzea bezain garrantzitsua izan da guretzako".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide