Tren museoen nazioarteko eguna igandean Azpeitian

Uztarria.com 2008ko mai. 14a, 16:05

Hiru tren historiko abiatuko dira Tren Museotik Lasaora

Egun osoan zenbait ibilgailu historikok maniobrak ere egingo dituzte

Eusko Jaurlaritzako Trenbidearen Euskal Museoak museoen nazioarteko eguna ospatuko du igande honetan Azpeitian. Lurrun trenen programazio berezia eskainiko dute, eta "Europako bide estuko trenen bildumarik onena" osatzen duten hainbat material mugikor historikoren funtzionamendua erakutsiko dute.

Hiru tren historiko abiatuko dira Azpeitiko Tren Museotik Lasaoko geltokiraino. Lehenengoak 11:00etan irtengo du. Tren hori antzinako Ferrocarril Vasco-Asturianoko 1004 diesel lokomotorak atoian eramango du, diesel motorearen sortzaile Rudolf Diesel ingeniari alemanaren jaiotzaren 150. urteurrena betetzen dela ospatuz.

Ondoren, 12:00etan, beste lurrun tren batek irtengo du; buruan E-205 Portugal lurrun lokomotora izango da. Lokomotora hori 1913an eraiki zuten Alemanian, Ferrocarriles Portugueses konpainiarentzat. Gaur egun, Europan abian jartzeko moduan dagoen bide estuko lurrun lokomotorarik indartsuena da.

Azkenik, 13:00etan museoko nasetatik azken lurrun trenak irtengo du, eta Euzkadi lokomotorak eramango du atoian. Lokomotora hori 1920an eraiki zuten Munich-en (Alemania), Ferrocarriles Vascongados enpresarentzat.

Horretaz gain, egun osoan Trenbidearen Euskal Museoan gordetako zenbait ibilgailu historikok maniobrak egingo dituzte. Maniobretako zenbait diesel lokomotoren lana ere erakutsiko dute.

Larunbatean ere bai

Larunbatean, berriz, lurrun trenen bi zirkulazio izango dira. Zirkulaizo horiek lurrun trenen 2008ko ekitaldiko eskaintzan sartzen dira eta Azpeitiko museotik irtengo dute 12:30ean eta 18:00etan.

Informazio gehiago: 943 15 06 77 eta www.euskotren.es.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide