Alberto Iñurrategik emango dio hasiera Mendi Asteari

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 16a, 11:05

2007ko Mendi Astea Azpeitian.

Lagun Onak Mendi Bazkunak maiatzaren 16tik 22ra antolatu du Mendi Astea, eta hamaika ekitaldi izango da

Maiatzaren 25an, berriz, Xoxoteko Eguna izango da

Urtero bezala, aurtengoa ere Xoxoteko Egunaren bezperetan Mendi Astea antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak. Gaur (maiatzak 16, ostirala) hasi eta hilaren 22a arte hainbat espedizioren eta bidaiaren testigantza emango dute sona handiko mendizaleek. Alberto Iñurrategik izango da Mendi Asteari hasiera emango diona. Emanaldi guztiak Enparan dorretxean izango dira.

Egitarauarekin jarraituz, maiatzaren 20an 2007ko Joxe Takolo Beka jaso zuen Kepa Eskribanok Mendi Bira aurkeztuko du. Asteazkenean, hainbat mendizalek Lehoinabarren ondarea diapositiba emanaldia izango da ikusgai.Maiatzaren 22an, Mendi Asteari bukaera emateko, Jose Ramon Agirrek Airean airean diapositiba emanaldia aurkeztuko du.

Goi mailako mendizaleak

Gaur, 22.00etan, Alberto Iñurrategik Begiz begi DVD emanaldia aurkeztuz emango dio hasiera Mendi Asteari. Azkena argitaratu duen film honetan, mendizaleak egin dituen bidaiak azalduko ditu ordubetez: urrutiko gailurretako eta lurraldeetako panoramikak, herrialde eta kultura arrotzen irudiak... ikusteko aukera izango dute bertara hurbiltzen direnek. Horretaz gain, bukaeran ikusleek Iñurrategiri galderak egiteko aukera izango dute. Lagun Onak Mendi Bazkuneko Haritz Odriozolak aurtengo ekitaldiekin "oso gustura" daudela azaldu du: "Maila handiko egitaraua prestatu dugu. Antolatu ditugun lau emanaldietara goi mailako mendizaleak etorriko dira. Gainera, lorpen handia izan da Alberto Iñurrategi bere azken lana aurkeztera etortzea. Leku gutxitan aurkeztu du aurretik lana eta arrakasta handia izango duela iruditzen zaigu".

Urtean bi hitzordu

Lagun Onak Mendi Bazkunak urtean bi Mendi Aste antolatzen ditu. "Ez da erraza izaten goi mailako mendizaleak ekartzea. Kontaktuak lortzea izaten da lehen pausua eta behin mendizalearekin hitz egitea lortzen denean, korapilotsua izaten da euren egutegikin bat etortzea, askotan garai hauetan espedizioak izaten baitituzte". Hala eta guztiz ere, elkartea beti saiatzen da jendeak gustuko dituen gaiak ekartzen: "Ideia eta proiektu berriak bilatzen ditugu, eta goi mailako mendizaleenak badira hobe".

Txalintxon eta Xoxoten jaia

Mendi Asteaz gain, Lagun Onak Mendi Bazkunak hurrengo bi astebukaeretarako antolatu ditu ekitaldi gehiago ere.

Maiatzaren 18an, Txalintxoko Eguna ospatuko dute. Egun guztiko ibilaldia izango da, eta irteera 09:00etan izango da plazatik; 12:00etan meza nagusia egingo da eta, ondoren, salda banatuko dute antolatzaileek. Umeentzako jolasak izango dira eta trikitaliek festa alaituko dute egun osoan.

Maiatzaren 25an, berriz, Xoxoteko Egunaren txanda izango da. Oraingoan ere irteera 09:00etan izango da, plazatik. 12:00etan meza nagusia eta, ondoren, haurren dominak banatuko dituzte. Egun guztian erromeria eta bertsolariak ariko dira giroa animatzen. Umeek jolasez gozatzeko aukera ere izango dute.

Egitaraua

Emanaldi guztiak Enparan dorretxean izango dira.

  • Maiatzak 16, gaur. 22:00etan, Alberto Iñurrategiren Begiz begi DVDaren aurkezpena.
  • Maiatzak 18, igandea. Txalintxoko Eguna.
  • Maiatzak 20, asteartea. 20:30ean, Kepa Eskribanok Mendi bira aurkeztuko du.
  • Maiatzak 21, asteazkena. 20:30ean, Oier Plazaola, Andoni Ormazabal, Iban Silvar, Iosu Juan eta Mikel Zafiainen diapositibak: Lehoinabarraren ondarea.
  • Maiatzak 22, osteguna. Jose Ramon Agirreren diapositiba emanaldia: Airean airean.
  • Maiatzak 25, igandea. Xoxoteko eguna.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide