Errotaundi ISBk mailaz igotzea lortu du

Uztarria.eus 2008ko mai. 19a, 21:05

Errotaundi ISB taldeko jokalariak finala irabazi ostean garaikurrekin (ISB).

Iraurgi Saskibaloi Taldeko bigarren taldeak, 74-95 irabazi zion finala Donostiako COAATG taldeari

Autonomika Mailan jokatuko dute denboraldi berria

Iraurgi Saskibaloi Taldeko (ISB) bigarren taldeak, Errotaundik, mailaz igotzea lortu du. Joan den asteburuan jokatu zuten Lauko Finala Zarautzen eta Jose Luis Zubizarreta entrenatzailearen arabera, "finala borrokatua" izan zen. Hala ere, hogeita bat punturen aldearekin atera zen garaile Azpeitiko taldea.

Donostiako La Salle, Zarautz, Donostiako COAATG eta Errotaundi ISBren artean jokatu zituzten partidak eta azken bi taldeek lortu zuten finalerako sailkatzea. Errotaundi atera zen garaile COAATG taldearen kontra, 74-95eko emaitzarekin.

Orain, Autonomika Mailan

Senior Probintzial mailan aritu da orain arte Errotaundi taldea. Mailaz igota, Autonomika Mailan jokatuko dute, Euskal Autonomia Erkidegoko taldeen kontra, alegia. "Autonomika Maila aproposa da ISBko gazteak lehen talderako, hau da, Lan Mobel ISBrako trebatzen joateko", dio Zubizarretak eta datu bat gaineratu du: "Duela sei urte, Lan Mobel ISB Autonomika Mailan zegoen".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide