Mendi astearen baitan, Txalintxotik Xoxoteko egunera

Uztarria.eus 2008ko mai. 20a, 15:05

Lagun Onak Mendi Bazkunak antolatuta, joan den asteburuan Txalintxora egindako ibilaldian.

Datorren igandean, maiatzak 25, izango da Xoxoteko eguna

Egun horretan Aittolaraino joateko autobusa antolatu dute

Datorren igandean, maiatzak 25, eta mendi astearen baitan, Xoxoteko eguna ospatuko dute Izarraitzen. Urtero bezala, aurtengorako ere, egun osoko egitaraua prestatu dute. Eguerdiko 12:00etan meza izango da, eta ondoren, 12:45ean hildako mendizaleen aldeko lore eskaintza egingo dute. Gero, gaztetxoen artean dominak banatuko dituzte. Herri kirolak ere izango dira eta baita umeentzako jolasak ere. Egun osoan zehar, berriz, trikitilari eta bertsolariek girotuko dute Xoxoteko gaina.

Aittolaraino autobusa

Xoxoteko egunean Aittolaraino joateko autobusa antolatu du Lagun Onak Mendi Bazkunak. 9:00etan aterako da autobusa Azpeitiko plazatik eta 18:00etan itzuliko da.

Txalintxo, Xoxote baino lehenago

Aurreko asteburuan, berriz, Txalintxon izan ziren Lagun Onakekoak. Ibilaldia "eguraldi ederrarekin" burutu zutela esan dute. Behin Txalintxora iritsi zirenean, gainera, hamaiketakoa egin eta erromeria egin zuten. Ondoren, umeentzako jolasak ere antolatu zituzten ibilaldia egitera animatu ziren gaztetxoentzako.

Astean zehar hainbat hitzaldi

Mendi Astearen baitan, ibilaldiez gain, hainbat hitzaldi ere antolatu dituzte. Gaur, asteartea, bihar eta etzi izango dira hitzaldiak. Gaur, esaterako, Mendi Bira, iazko Joxe Takolo beka irabazi zuen Kepa Eskribanoren hitzaldia izango da. Bihar, Lehoinabarraren ondarea izeneko hitzalida eskainiko dute eta etzi, ostegunean, Aire-airean hitzaldia izango da. Hitzaldi denak Enparan dorretxean izango dira, 20:30ean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide