Eusko Jaurlaritzak hamabost haize-errota parke proiektu ditu, horietatik bat Gipuzkoan eraikiko dute, Gazumen. Proiektu guztietan txikiena da Gazumekoa, Errezilgo lurretan 17 errota jarri nahi dituzte. Egitasmoa txikia den arren talde ekologistak, natur taldeak eta herritarrak "kezka" azaldu dute.
Hori dela eta, "gaiaz hausnartzeko asmoarekin" Zarauzko Arkamurka Natur Elkarteak mahai-ingurua antolatu du hilaren 28an, Azpeitian. Mahai-ingurua 20:00etan izango da, Azpeitiko Enparan Dorretxean. Hizlari ariko dira: Roberto Bermejo (ekonomian doktorea eta EHUko irakaslea), Alberto Frias (Eguzki talde ekologistako ordezkaria), Toño Munillos (ornitologoa) eta Jose Ignacio Hormaetxea (EVEko zuzendari nagusia).