Antonio Aristi: "Helburua, mundu mailan korritzeko aukera izatea da"

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 22a, 12:05

Goiko argazkian, Antonio Aristi artxiboko argazkian. Behekoan, Aristi Chesteko lasterketan.

Antonio Aristi Espainiako Iraupeneko lasterketan eta Europako Superkopa Seat Leon txapelketan ari da lehiatzen

Europakoan laugarren izan zen igandean

Antonio Aristi (Urrestilla, Azpeitia, 1973) auto gidaria aurten bi auto txapelketetan dabil lehian: batetik, Espainiako Iraupenekoan eta, bestetik, Europako turismoen Superkopa Seat Leon-en. Iraupeneko txapelketa entrenamendu moduan hartzen duela dio, baina lehen postuan dago. Europako Superkopa, berriz, joan den asteburuan hasi zen Chesten (Valentzia, Herrialde Katalanak) eta laugarren egin zuen Aristik.

Iaz Espainiako Seat Leon Kopan aritu zinen eta aurten, berriz, Europakoan. Alde handia al dago batetik bestera?

Maila handiagoa da Europakoan; turismoetan GP2ren parekoa dela esan liteke. Gero, Europakoan lasterketaren bat irabazten duenak, mundu mailako lehiara jauzia emateko aukera du.

Europako Seat Leon Superkopa joan den asteburuan hasi zen Valentzian, Chesten. Laugarren egin zenuen. Postu ona, ezta?

Bai, bai postu ona, oso ona. Gainera, beti izaten da esperantza halakoren bat lortzeko, baina igandekoan ez nekien non nenbilen ere. Lehen lasterketa zen eta Europa guztitik joandako gidariak zeuden, asko ezezagunak: errusiarrak, kroaziarrak, ingelesak, italiarrak... Herrialde horietako gidari onenak izango dira, baina lasterketetan hasi arte ez dakigu nolako maila dagoen. Egia esanda, egindakoarekin nahiko gustura gelditu naiz.

Gainontzean zer moduz sentitu zinen lasterketan?

Ondo, baina agian anbizio handiegiarekin jokatu nuen. Izan ere, larunbatean bosgarrena izan nintzen eta igandean podiuma egiteko esperantza neukan, baina ez nuen lortu. Dena den, lehen hamarren artean sartzea emaitza ona da. Baina aurrean zaudenean aurrerago egotea nahi izaten da, eta nik podiumari begira irten nuen. Kilometro batzuk egitea falta zaigula.

Europa mailako turismoen lasterketez gainera, Espainia mailako iraupeneko txapelketan ere bazabiltza.

Bai, bietan auto berarekin nabil, pneumatiko-estalkiak aldatuta eta puntuan jarrita. Dena dela, Europakoan kilometro batzuk egitea falta zaigu oraindik. Bi gidari gabiltza, ni eta Haritz Arruabarrena lazkaotarra. Orain aurrenak gara, eta horri heltzen saiatuko gara falta zaizkigun beste lau lasterketetan.

Hurrengo lasterketa non duzu?

Asteburu honetan, Cartagenan (Murtzia, Espainia) dugu Iraupeneko txapelketako lasterketa. Txapelketa horretan D4 mailan lehen postuan gaude. Hurrengo asteburuan, berriz, Frantzian daukagu Europako Superkopako bigarren lasterketa, Paue-n.

Beraz, batetik bestera zabiltza...

Bai, hala da. Orain batera eta gero bestera, gelditu ere egin gabe. Europako lasterketa urrian bukatuko dugu, baina taldeak Espainiako Superkopa Seat Leon txapelketan ere izena eman du, eta hango lasterketa batzuetan ere bagabiltza. Bederatzi asteburutan lasterketak ditut, bata bestearen segidan.

Gauzak horrela, entrenatzeko nola moldatzen zara?

Iraupeneko lasterketak, batik bat, entrenatzeko ari gara korritzen: gauzak probatzeko, kilometroak egiteko... Bestela, entrenatu nahi baino gutxiago egiten dugu. Fisikoki entrenatzeko, berriz, mendiko bizikletan ibiltzen naiz Urrestillan, Nuarbeko urtegian, Mandubin eta Beizama inguruetan. Tartean behin gimnasiora ere joaten naiz, baina gehienbat bizikletan ibiltzen naiz.

Europako Superkopan zer helburu duzu?

Sei lasterketa ditugu, asteburu bakoitzean bi, eta bi lasterketa horietan aurrena gelditzen den gidaria Seat-ak talde ofizialerako hartzen du, Mundu mailako turismoen lehiaketan parte hartzeko. Nire helburua talde horretan sartzea da, Munduko mailan lehiatzeko aukera izateko.

Lasterketak izango diren zirkuituak ezagutzen al dituzu?

Bai, 2005ean Renault-arekin ibili nintzen eta, Ingalaterrakoa ez dut ezagutzen, baina bai beste guztiak: Portugalgoa, Frantziakoa...

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide