'Joxe Takolo' bidea, erdiraino irekita

Uztarria.eus 2008ko mai. 22a, 13:05

Leire Agirrek dio elurra, haizea eta hotza zirela-eta "baldintza gogorretan" aritu direla, eta irailean saiatuko dira beste erdia egiten

."500 metrotik 250 bat metro ekipatuta utzi ditugu"

Leire Agirre eskalatzaile azpeitiarrak uztarria.com-i jakinarazi dionez, Marokoko Tratarat-eko paretetan Joxe Takolo izeneko bidea irekitzeko proiektua erdiraino iritsi da, eta irailean saiatuko dira beste erdia egiten. Leire Agirrek, David Gancedo bilbotarrak, Tony Arbones katalanak, Benoit Dorzas suitzarrak eta Kurt Albert alemanak osatutako taldeak ekin zion bide berria irekitzeko egitasmoari.

Oraindik Marokotik itzuli gabe direla, Leire Agirrek "baldintza gogorretan" aritu direla azaldu du. "Elurra, haizea eta hotza zirela-eta" erdiraino ireki dute bidea. "Erdi pareraino ekipatuta utzi dugu. 500 metroko bidea irekitzeko asmoa genuen, denera, eta 250 bat metro utzi ditugu ekipatuta". "Gogorra" izan dela esan du Agirrek: "Sei egun paretaren azpian zegoen kobazulo batean lo eginez igaro ditugu eta paretak berak ere bazituen zortziko maila zuten bi eremu".

Joxe Takolo Bekak lagunduta

Marokon Joxe Takolo izenarekin eskaladako bide bat zabaltzeko proiektua Azpeitiko Udaleko Kirol Sailak eskaintzen duen Joxe Takolo bekaren laguntzarekin abiatu dute. 1.680 euro eman zitzaizkien, hain zuzen proiektu honetako eskalatzaileei. Apirilaren 26an jaso zuen taldeak beka eta maiatzaren erdian abiatu ziren Marokora.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide