Jose Luis Frantzesena, Getariako ereserki lehiaketako finalisten artean

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 22a, 14:05

Denera, bost konposizio lan aurkeztu dituzte eta epaimahaiak horietatik hiru finalista aukeratu ditu

Irabazlearen izena datorren uztailaren 19an emango dute jakitera

Getariako ereserkia hautatzeko lehiaketara bost konposizio lan aurkeztu dituzte, eta epaimahaiak horietatik hiru finalista aukeratu ditu, proposamen guztiak banan-banan aztertu ondoren. Horien artean dago Jose Luis Frantzesena konpositore azpeitiarrak aurkeztutako lana.

Jose Luis Frantzesena urte askoan Udal Musika Bandako zuzendari izandakoa eta sansebastianetako pieza askoren egilea da.

Epaimahaia hilaren 5ean eta 12an bildu zen Getariako udaletxean lanak aztertu eta finalistak aukeratzeko. Epaimahaikideak honako hauek izan dira: EGO Euskadiko Gazte Orkestra Sinfonikoko zuzendari Juan Jose Ocon, Getariako Musika Bandako zuzendari Aitor Uria, Udaleko kultur zinegotzi Ekaitz Balentziaga eta Garikoitz Mendizabal txistulari zestoarra.

Ereserki aukeratua eta musikagile irabazlearen izena datorren uztailaren 19an emango dute jakitera, Getariako Musika Bandak eta Abesbatzak Salbatore Deunaren elizan eskainiko duten saioan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide