Ordu gehiagoz irekita ere, antzeko jende kopurua dabil udal kirol azpiegituretan

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 24a, 18:05

Urtarriletik igerilekua eta kiroldegia 22:00ak arte egoten dira zabalik astegunetan

"Orain lasaiago ibiltzeko aukera dute erabiltzaileek", dio Ina Sagarzazu Udal Kirol Patronatuko kideak

Urtarriletik udal kirol azpiegiturak (igerilekua eta kiroldegia) astelehenetik ostiralera 22:00ak arte daude zabalik. Sei hilabete pasatu dira Udaleko kirol arduradunek ordutegia zabaltzeko erabakia hartu zutenetik. Ordutegia zabaltzearen inguruan Udal Kirol Patronatuko arduradunek egindako balorazioaren arabera, "jendeari lanetik irten eta kirola lasaiago egiteko aukera eman dio ordutegia zabalagoak, baina erabiltzaile aldetik ez da alde nabarmenik izan kirol azpiegituretan. Pixka bat gehiago dabil, baina ez dago alde nabarmenik".

Udal Kirol Patronatuko Ina Sagarzazuren esanetan, askoz erabiltzaile gehiago ez dabil, "baina orain lasaiago ibiltzeko aukera dute erabiltzaileek. Lehen igerilekua 21:00etan ixten genuen eta 20:30erako jendeak uretatik irten beharra zeukan. Orain, aldiz, ordubete gehiago ibiltzeko aukera dute, alegia, 21:30ak arte. Beraz, lanetik irtendakoan kirola egiteko denbora gehiago dute". Bestalde, kirola egiteko aukera jende gehiagori eman zaiola uste du Sagarzazuk.

Jende gehien arratsaldetan

Kiroldegian baino jende gehiago ibiltzen da igerilekuan, hala dio Sagarzazuk. Igerilekura erabiltzaile gehienak arratsaldean, "lanetik irtendakoan", joaten da; "18:30etik 21:30ak bitartean ibiltzen da jende gehien". Goizean goiz ere ibili ohi dira kirolzaleak, "07:00etatik aurrera, 20-22 lagun ia egunero etortzen dira igerilekura; horiek, gainera, bai neguan bai udan erabiltzaile fidelak dira".

Igerilekuko erabiltzaileen artean "hutsunea" dagoela adierazi du Patronatukoak,: "16-25 urte arteko gutxik dute ohitura igerilekua erabiltzeko".

Kiroldegirako joera gutxiago

Herriko kirolzaleek Kiroldegira baino igerilekura joateko ohitura gehiago dute, hala kontatu du Sagarzazuk. "Kiroldegia goizez irekitzen hasi ginenean, lehen igerilekuan ematen ziren goizeko ikastaro batzuk hona ekarri genituen. Baina Kiroldegiko goizeko ikastaroak nahiko hutsik gelditzen dira. Jende gutxi ibiltzen da. Herritarrek igerilekura joateko joera handiagoa dute".

Udal kirol azpiegituren ordutegia

Igerilekua.
- Astelehen goizetan itxita egoten da. "Igerilekua garbitzeko-eta hartzen da asteko goiz hori", dio Udal Kirol Patronatuko Ina Sagarzazuk.
- Asteartetik ostiralera, 07:00etatik 22:00etara egoten da zabalik.
- Larunbatetan, 09:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara.
- Igandetan, 09:00etatik 13:00etara.

Kiroldegia.
- Astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 22:00etara izaten dute zabalik.
- Larunbatetan, goizetan, 10:00etatik 13:00etara eta arratsaldetan, 16:00etatik 20:00etara.
- Igandetan edota jaiegunetan, kiroldegia bera itxita egoten da. Baina kirol gune berrian (tenis edota padeleko pistak) ibili nahi dutenek giltza kiroldegiko tabernan eskatu dezakete 10:00etatik 19:00etara bitartean.

Kanpoko igerilekua.
Ekainaren 14an zabalduko dute kanpoko igerilekua eta irailaren 14ra bitartean irekita izango da.
- Egunero egongo da zabalik, 11:00etatik 20:00etara bitartean.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide