Erlo Telebista sarean kateatu da

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 26a, 12:05

Erlo Telebistako webgune berriaren atarian hainbat edukiren artean aukeratu dezake bisitariak.

Telebistak webgune berria sortu du bere edukiak zintzilikatu eta ikusleekin harremana sendotzeko helburuarekin

Urola Kostako telebistari buruzko informazioa, albisteak eta bideoak ikusteko aukera eskaintzen du, besteak beste, webguneak

Erlo Telebistak webgune berria sortu du: www.erlotelebista.com. Urola Kostako telebistari buruzko informazioa, albisteak eta bideoak ikusteko aukera eskaintzen du, besteak beste, webguneak.

Telebistaren digitalizazioarekin egin zuten bezalaxe, "ahalegin handia" egin du Erlok, "etorkizunaren aurrean sendoago egoteko".

"Oraindik ere lehen urratsak ari gara ematen, hurrengo asteetan are eta aberatsagoa bihurtuko dugu, besteak beste herritarren ekarpenekin", adierazi dute Erlo Telebistako arduradunek.

Edukiak eta parte-hartzea

Lau eduki nagusi ditu Erloren atari berriak. Bideoak izenekoa da garrantzitsuena. Erlok emandako hainbat bideo du ikusgai bisitariak, hiru multzotan banatuta: jarritako azken bideoa, gehien ikusitakoa eta gehien bozkatutakoa.

Gainera, eskualdeak emandako azken berrien laburpenak irakurri daitezke webgunean. Bestalde, telebistak ekoizten dituen saioei buruzko informazioa ere badago Erloren atarian. Parte-hartzea bultzatzeko asmoz, foro bat ere zabaldu dute Erlokoek, ikusleen iritziak bildu eta partekatzeko.

Telebista berria

Zarauzko telebistaren eta Azpeitiko Kaito herri telebistaren bat egitearen ondotik sortu zen Erlo telebista, 2007ko urrian. Digitalean ikusgai da Urola Kosta eskualdean, Hamaika Telebista Hedatzeko Taldearekin Eusko Jaurlaritzak emandako lizentzia digitalari esker. Azpeitian, Azkoitian, Getarian eta Zarautzen ikusten da telebista, Euskaltelen bidez.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide