Mari Carmen Uria eta Aritz Arzallus: "Elkartasun Egunak, presoen eta iheslarien senideoi indar handia ematen digu"

Urola Kostako Hitza 2008ko mai. 30a, 11:05

Mari Carmen Uria eta Aritz Arzallus.

Elkartasun Egunaren antolatzaileek biharko, larunbata, antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzeko dei egin diete herritarrei

"Gure helburua da egun horretan haiek ere bertan partaide senti daitezen saiatzea da", esan dute

Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak Elkartasun Eguna antolatu du biharko, Elkartasunez presoak herrira! Euskal Herriak askatasuna behar du! lelopean. Mari Carmen Uriak, Garikoitz Etxeberria presoaren amak, eta Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide Aritz Arzallusek biharko ekitaldietan parte hartzera "gonbidatu" dituzte herritarrak.

Elkartasun Eguna aurten zazpigarren aldiz egingo da. Zein helbururekin antolatzen duzue?

Aritz Arzallus: Orain arte oinarrizko helburu batekin antolatu dugu: euskal presoei eta iheslariei elkartasuna adierazteko eta, horrekin batera, haiei dagozkien eskubideak bermatzea aldarrikatzeko. Batik bat, euskal presoen eta iheslarien aldeko eguna da. Aurten bereizgarri bat du, justu apirilean hasi zelako Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketa. Hain justu, epaiketa horrekin horrelako ekimenak ilegalizatu eta kriminalizatu nahi dituzte eta berain delituak agerian jartzen dituen mugimendua kondenatu nahi dute. Estatuak egiten dituen injustizia horiek guztiak salatu nahi ditugu Elkartasun Egunean. Presoak eta iheslariak gure senideak eta lagunak dira, eta horiei elkartasun ekonomikoa eta politikoa adieraztea edo ematea ez da delitua. Haienganako sortu duten espetxe politika hiltzaile hori bai dela benetako delitua. Gainera, berretsi nahi dugu elkartasuna ematen jarraituko dugula, salatzen segituko dugula eta horrelako salbuespen epaitegi batek ezarriko digun zigor batek inondik inora ez gaituela geldituko .

Herrian egiten den ekimen honen irudia nola helarazten diozue herriko presoei eta iheslariei?

Arzallus: Gure helburua da egun horretan haiek ere bertan partaide senti daitezen saiatzea. Batetik, hemen haiek bizi duten egoera azaltzen eta haiei elkartasuna adierazten saiatzen gara. Bestetik, eguna nola joan denaren berri ematen diegu presoei, argazkien bidez eta.

Senideontzako zer esan nahi du horrelako egun bat antolatzeak?

Mari Carmen Uria: Poz handia da guretzako, eta indar asko ematen digu. Horrelakorik gabe, gehiago hondoratuko ginateke eta laguntasun falta sentituko genuke. Horrelako egun batek indar handia ematen digu senideoi.

Elkartasun Egunean aldarrikapena modu askotara egiten duzue: kirola eginez, haurrentzako ekitaldiekin...

Arzallus: Aldarrikapena eta festa uztartzen dituen eguna da Elkartasun Eguna. Askotan galdetu diogu gure buruari: festako garaietan al gaude? Baina azkenean helburua herritar denen edo gehienen konpromiso hori preso eta iheslariei helaraztea da. Guretzako oinarrizkoena manifestazioa ahalik eta jendetsuena izatea da, garrantzia ekitaldi horri ematen baitiogu. Beste ekitaldi guztietako parte-hartzearen bilgunea da manifestazioa. Gainontzeko ekitaldiak egunean zehar eskaintza zabal bat ematearren antolatzen ditugu eta aldarrikapena ekimen guztietan barneratuta dago.

Uria: Nik, herritarrei Elkartasun Eguneko parte hartzera dei egingo nieke, bai senitartekoei bai presoei indar handia ematen digutelako horrelako ekimenek. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak lanean aurrera segi dezala, guretzako lan garrantzitsua egiten duelako.

Elkartasun Egunean Amnistiaren Aldeko Mugimenduaren kontrako epaiketa izango duzue gogoan. Mugimendu horrekin presoen senide bezala hartu-emanak izango zenituzten. Horrelako epaiketa bat abiatzen dutenean zer sentitzen duzue senideok?

Uria: Inpotentzia sentitzen dugu, ezer ezin dugula egin sentitzen dugu. Beti senideoi laguntza eman digu Amnistiaren Aldeko Mugimendua da hori, eta guk horrelako mugimendurik gabe ezingo genuke aurrera egin.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide