Parte-hartzeak "gainezka" egin du

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 2a, 12:06

Goiko argazkian, Elkartasun Eguneko krosa. Bigarrenean, bazkaria berdura plazan. Hirugarrenean, sokamuturrra. Laugarrenean, haurrak 'Zirko Ttipia' ikuskizuna ikusten, Olazko Amaren plazan. Behekoan, manifestazioa Arana kalea zehar

Amnistiaren Aldeko Mugimendukoak "oso gustura" daude Elkartasun Egunean herritarrek emandako erantzunarekin

"Herri krosean iaz baino ehun lagun gehiagok irten dute"

Ikusi hemen argazki bilduma

Sailkapen osoa albiste honetan

Atzo, Azpeitiko Amnistiaren Aldeko Mugimenduak antolatuta, aldarrikapen eta festa eguna izan zen herrian: 2008ko Elkartasun Eguna, Elkartasunez presoak herrira! Euskal Herriak Askatasuna behar du! lelopean. Zazpigarren urtez egin da preso eta iheslarien aldeko eguna eta inoiz baino jende gehiagok hartu du parte. Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide Aritz Arzallusen arabera, "antolatutako ekimenetan parte-hartzeak gainezka egin du. Bazkaritarako 600 txartel aterata genituen eta denak saldu dira. Azoka plaza bete-bete eginda egonda, 650 lagunekin, eta barruan lekurik ez zegoelako batzuk kanpoan bazkaldu behar izan dute". Manifestazioan ere ehunka lagunek hartu zuten parte.

Krosean ehun lagun gehiago

Bazkalaurretik egindako ekimenetan ere herritar ugarik parte hartu zuen. "Herri krosean iaz baino ehun lagun gehiagok irten dute. Iaz 230 lasterkari izan ziren eta aurten, berriz, 325ek irten dute", zioen Arzallusek.

Parte hartzeaz gainera, preso eta iheslarien aldeko ekimenak antolatzen lan egiteko deia egin dute antolatzaileek: "Antolatu diren ekimenetan parte hartzeko gogoarekin azaldu da jendea. Elkartasun Eguna gero eta indartsuago egiten ari dela antzematen da, eta hori positiboa da. Baina ekimenetan parte hartzen duen bezalaxe lan egiteko deia ere egiten diegu herritarrei. Hau da, presoen eta iheslarien aldeko ekimenak antolatzeko lan egitera animatu nahi ditugu".

Elkartasuna "urte osoan"

Egun bateko aldarrikapenetik haratago, "eguneroko aldarria" egin behar dela diote Amnistiaren Aldeko Mugimendukoek: "Elkartasuna ez da adierazi behar Elkartasun Egunean bakar-bakarrik, egunerokotasunean ere gure herriko presoekiko eta iheslarienganako elkartasuna adierazi behar dugu: gutunak idatziz, bisitak... Bakoitzak egunerokoan zerbait eginda, eman dezakegun elkartasuna ikaragarria izango baita".

Jaitsi sailkapen osoa (pdf formatuan)

Sailkapenak

.1. Xabat Manzisidor 19:23

.2. Gotzon Aranburu 19:24

.3. Josu Arregi 19:31

.29. Olatz Gabilondo 23:24

.35. Arantxa Aldalur 23:57

.59. Pilar Arriola 25:27

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide