Gallardo, komunikabideen mundura ere bai

Uztarria.eus 2008ko eka. 3a, 21:06

Azpeitiko Corrugadosen jabeak Zeta Talde garrantzitsua erosteko aurre-akordioa sinatu du

El Periodico de Catalunya egunkaria, Sport kirol kazeta eta Interviu aldizkaria dira taldeko hedabide nagusiak

Alfonso Gallardo enpresari espainiarra —Azpeitiko Corrugados lantokiaren jabea—, komunikabideen munduan ere sartu da: Zeta Taldearen akzioen gehiengoa erosteko aurre-akordioa sinatu du, gaur (asteartea) jakin denez. Iturri batzuen arabera, %80 eskuratuko du, 500-700 milioi euro ordainduta.

Komunikabide talde handia da Zeta, hedabide garrantzitsuak dituelako. Besteak beste: El Periodico de Catalunya egunkaria (hamar egunkari ditu taldeak), Sport kirol kazeta (bi kirol kazeta ditu) eta Interviu, Tiempo, Woman eta Viajar aldizkariak (hamasei aldizkari ditu). Egunkarien bidez egunero 1.800.000 irakurle dauzka Espainiako Estatuan (2008ko martxoko datuen arabera, El Periodico de Catalunya-k 788.000 irakurle ditu, Sport-ek 606.000), eta 340.000 aleko zabalkundea. Interviu-k 900.000 irakurle ditu astero, Tiempo-k 200.000 astero, Woman-ek 392.000 hilero. Bestetik, zazpi web ditu Zetak eta beste hamar enpresa (banaketakoak, inprimaketakoak, produktorak...). 2.300 bat langile dauzka denera.

Antonio Asensio Pizarrok (Bartzelona, 1947-2001) sortu zuen Zeta Taldea, 1976an, eta Interviu izan zen enpresa arrakastaren bidean jarri zuena. 1992an telebista arloan sartu zen, Antena3 kateko jabetzaren zati handia erosita; 1997an Telefonicak baztertu egin zuen kate horretatik.

Zeta Taldeak 2005ean, esaterako, 444 milioi euroko diru sarrerak eduki zituen; zerga aurreko emaitza, 6,1 milioi eurokoa izan zuen. Dena dela, orduan 104 milioi euroko zorra zeukan.

Gallardo Taldea 70eko hamarkadan eraikuntza arlorako altzairuen produktuak egiten hasi zen, eta gaur egun enpresa garrantzitsua da. Besteak beste, Azpeitiko Corrugadosen jabea izateaz gain, Espainian hainbat lantoki dauzka (Extremaduran, Madrilen, Asturiasen), eta Alemanian ere badu bat.

Altzairuan inbertitu ondoren, zementuaren lantoki bat zabaldu zuen Badajozen (Extremadura), eta petrolioaren findegi bat zabaltzeko asmoa du.

Orain komunikabideetan indartsu sartuko da. Lehendik badu hor esperientziarik: Extremadurako Telebista Produkzioko enpresaren %20 erosi zuen, eta hango Canal Sur ohia berriro martxan jarri zuten.

Jerez de los Caballerosen (Badajoz) dauka egoitza Gallardo Taldeak. Alfonso jabea bera ere hangoa da, Extremadurakoa. Ez da publikoki pertsona ezaguna; adibidez, bizi osoan apenas eman duen elkarrizketarik.

Iazko udazkenean irten zuen Zeta Taldeak merkatura, bere akzioen erosleen bila, eta Juan Carlos Rodriguez Ibarra (PSOE) Extremadurako Gobernuko presidente ohiak joan den maiatzean aurreratu zuen Gallardok erosiko zuela. Badajozko PSOEko idazkari nagusiaren osaba da Alfonso Gallardo, eta Exremadurako Gobernuak enpresa talde horrekin izandako harremanak maiz kritikatu izan ditu hango oposizioak (PPk eta IUk osatzen dute).

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide