Ehundik gora talde lehiatuko dira 3x3 Saskibaloi Txapelketan

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 4a, 14:06

Neskak eta mutilak ariko dira 3X3 saskibaloi txapelketan.

Larunbatean, Azkoitiko plazan jokatuko da Iraurgi Saskibaloi Taldeak antolatutako txapelketa

Aurten lehenengo aldiz, Hazparnetik ere etorriko dira taldeak

Saskibaloia kalera aterako du Iraurgi Saskibaloi Elkarteak datorren larunbatean, ekainaren 7an. Azkoitiko V. 3x3 Saskibaloi Txapelketa jokatuko da, egunean zehar, hango enparantzan eta Goiko Losan. Dena dela, larunbatean euria egingo balu, Bizkargi Plazan egingo dituzte partidak, hango lurra saskibaloian jokatzeko egokiagoa baita.

Ehundik gora taldek eman dute izena txapelketan parte hartzeko. Benjamin eta alebin mailako partidak goizean zehar jokatuko dituzte. Arratsaldean, berriz, infantilen eta helduen txanda izango da.

Txanda bakoitzaren bukaeran sariak banatuko dituzte irabazleen artean. Finalistentzat kopak emango ditu Azkoitiko Udalak. Maila bakoitzeko txapeldunek, gainera, oroigarriak ere eskuratuko dituzte. Sariez gain, parte-hartzaileen artean opariak banatuko dituzte.

Errioxa eta Lapurditik etorrita

"Aurten kanpotik etorritako taldeak ere izango ditugu eta gustura gaude", adierazi dute Iraurgiko arduradunek. Izan ere, estreinakoz euskaldetik kanpoko taldeek parte hartuko dute: Ezkaraitik (Errioxa) eta Hazparnetik (Lapurdi) etorritako 18 talde izango dira Azkoitiko txapelketa jokatzen.

Izan ere, hurrengo egunean Ezkaraikoek hainbat partida jokatuko dute Iraurgiko talden kontra, Azpeitian, eta egonaldia aprotxatu nahi dute Azkoitian ere lehiatzeko.

Datuak

Taldeak. Mistoak izan daitezke. 5 jokalariz osatuta egongo dira; helduen mailan 4 izan daitezke.

Partidak. Talde bakoitzak gutxienez hiru neurketa izango ditu. 15 minutuko partidak jokatuko dituzte.

Kantxak. Guztira, zortzi: sei plazan eta bi Goiko Losan.

Ordutegia. Gazteek, goizean, 09:00etatik aurrera jokatuko dituzte partidak. Maila handienetakoak, 16:00etan hasiko dira jokoan. Txapelketen ondoren, 14:00etan eta 20:00etan, sariak banatuko dituzte.

Mailak

Benjaminak. 1999-1998 urteetan jaiotakoak.

Alebinak. 1997-1996 urteetan jaiotakoak.

Infantilak. 1995-1994 urteetan jaiotakoak.

Helduak. 1993 urtean jaiotakoak edo zaharragoak. 1990-1993 artean jaiotako federatuek jokatzeko aukera izango dute maila honetan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide