Futbol 7ko Txapelketa antolatu dute hilaren 14an eta 21ean

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 5a, 11:06

Futbol lehiaketan parte hartu nahi dutenek, hilaren 9a arte izena emateko aukera izango dute

Azpeitia, Azkoitia eta Zestoako gaztetxoez gain, Ezkaraiko ikastetxeko futbolariek ere parte hartuko dute

Hilaren 14an eta 21ean Azpeitiko Futbol 7ko Bigarren Txapelketa jokatuko da, Garmendipeko belar artifizialeko futbol zelaian. Iaz 24 ordutan jokatu zuten txapelketa, baina iaz parte hartu zutenek hala eskatuta, bi asteburutan jokatuko dituzte partidak aurten. Futbol txapelketako antolatzaile Meliton Rodrigezek dioenez, "24 orduak gogorrak egiten dira eta bi asteburutan banatuta jokatzeko aukera eskatu zuten iaz parte hartu zuten taldeek".

Izena emateko aukera zabalik

Futbol txapelketan parte hartu nahi dutenek hilaren 9a baino lehen izena eman behar dute honako tokietan: Etxe Zuri, Iraurgi Saskibaloia eta Elurra. Taldeko 60 euro ordaindu behar dira. Bildutako dirua herriko haurren futbol talde batentzako da. "Iazko txapelketan jaso genuen diruarekin, herriko haurren futbol talde bat Bartzelonako txapelketa bat jokatzera joango da. Urtean zehar dirua biltzeko hainbat ekimen egiten ditugu eta Futbol 7ko txapelketa horietako bat da", dio Rodrigezek.

Bestalde, asteburu honetan Garmendipeko belar artifizialeko futbol zelaian alebin mailako neska-mutilen futbol txapelketa jokatu da; hori ere Meliton Rodrigezek antolatuta.

Ezkaraikoak ere bai

Alebin mailakoen futbol txapelketako partidak, larunbat arratsaldean eta igandean jokatuko dituzte. Azpeitia, Azkoitia, Zestoa eta Ezkaraiko (Errioxa, Espainia) ikastetxeetako futbolariek parte hartuko dute futbol lehiaketan.

Larunbatean 15:30ean hasiko dira sailkapen faseko futbol partidak eta igandean, berriz, goizez eta arratsaldez jokatuko dituzte finalerdiak eta finala.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide