Mendizaleek haurrentzat eta gaztetxoentzat bi ekitaldi antolatu dituzte

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 5a, 12:06

Hilaren 15ean, Donostia-Pasaia mendi ibilaldia eta itsasontziz zeharkaldia antolatu dituzte

Mendi ibilaldian parte hartu nahi dutenek, hilaren 12a baino lehen eman beharko dute izena

Lagun Onak Mendi Bazkunakoek haurrentzat eta gaztetxoentzat ikus-entzunezkoen emanaldia antolatu dute, baita Donostia-Pasaia mendi ibilaldia egiteko irteera ere.

Hilaren 14an, gaztetxoek parte hartu duten ibilaldietako ikus-entzunezkoaren emanaldia eta askaria antolatu dituzte, mendizaleen elkartean, 16:00etan. Mendizaleek aurreratu dutenez, "2007an eta 2008an egindako haurren ibilaldiei buruzko ikusi eta, ondoren, elkarteko tabernan askaria egingo dugu. Nahi duten guztiak gonbidatuta daude".

Bestalde, hilaren 15ean, Donostia-Pasaia egun guztiko mendi zeharkaldia antolatu dute haurrentzat eta gazteentzat: "Autobusez Azpeititik Donostiako Zurriola auzora joango gara eta handik oinez Pasaiara zeharkaldia egingo dugu. Sei kilometroko bidea da, eta bidean bazkalduko dugu". Mendi ibilaldia egin ondoren, Pasaian itsasontziz zeharkaldia egingo dute. 18:00ak aldera autobusa hartu eta herrira itzuliko dira.

Mendi ibilaldian parte hartu nahi dutenek, hilaren 12a baino lehen eman behar dute izena, zazpi euro ordainduta, mendizaleen tabernan. Ordainetan, autobusa eta txaluparako txartela sartzen dira. Hamaiketakoa eta bazkaria norberak eraman beharko ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide