"Kirola kalera ateratzeko eguna" izango da igandean

Uztarria.eus 2008ko eka. 6a, 14:06

Anaiarteko futbol txapelketa, arrantza eta krosa izango dira herrian

Udalak, igerilekuan doako sarrera jarriko du egun horretan, 10:00etatik 13:00etara bitartean

Igandean, hilak 8, "kirola kalera ateratzeko eguna" ospatuko da Udaleko Kirol Sailetik jakinarazi dutenez. Europako Batasunetik sustatutako ekimena da eta hirugarren urtez Udalak bat egin du dinamikarekin. Kirol Sailekoek azaldu dutenez, egun horren bidez, "kirolak duen garrantziaz" ohartarazi nahi da jendea: "bai gizarte kohesioaren ikuspegitik begiratuta, bai osasunari erreparatuta, eta baita, beste herri eta kultura batzuekin harremanak izateko bitarteko modura". Egun horren harira, hainbat kirol ekitaldi izango dira herrian.

Hainbat ekitaldi egun horren inguruan

Batetik, Anaiarteko futbol txapelketa jokatuko dute Ezcarayko (Errioxa, Espainia) eta Azpeitiko 6. mailako neska-mutilek. Garmendipeko belar artifizialeko zelaian jokatuko dituzte partidak eta 10:30ean hasiko dira.

Bestetik, joan den astean euriarengatik bertan behera gelditu zen amuarrainen arrantza txapelketa jokatuko dute Urola ibaian. 9:00etatik 12:00etara arituko dira arrantzan alebin eta infantil kategoriako ikasleak.

Egun berean egingo da, baita ere, Sanjuandegi auzoan, eskolarteko I. krosa. 10:00etan ekingo diote aurrebenjaminek lasterketari. Gero, hogeina minutuko tartearekin aterako dira gainerako kategoriak, hurrenez hurren.

Igerilekuan doako sarrera

Udaleko Kirol Sailak, gainera, igandean, 10:00etatik 13:00etara bitartean, doako sarrera jarriko du igerilekuko igeriketa eta fitness eremuetan. Bazkideei dagokionez, berriz, sauna doan jasoko dute.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide