Euskararen konposta

IƱaki Martinez 2008ko eka. 9a, 13:06

Aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak gai organikoak bereizita jasotzeko egitasmoa jarriko du martxan Azpeitian

Konposta egiteko banatu dituzten ontzietan euskara albo batera utzi dute

Aste honetan Gipuzkoako Foru Aldundiak gai organikoak bereizita jasotzeko egitasmoa jarriko du martxan Azpeitian. Egitasmo hau ondo dago, eta birziklaketaren arloan beste pauso bat ematea dela iruditzen zait, zaborraren arazoa hain larria izanik. Gainera, ikusten denez esperientzi pilotu izango den honetan hainbat eta hainbat herritarrek eman dute izena. Bada kontzientzia arlo honetan.

Baina egitasmo hau daramaten Gipuzkoako Foru Aldundia eta Lapatxeko arduradunak itxura denez ez dira birziklatu. Oraingoan ere garbi ikusten da Euskarari ez diotela batere begirunerik edota ez dutela kontuan hartu. Banatu duten materialean, hau da, gai organikoak jasoko dituen ontzi edo otarratxo moduko horretan eta barruko poltsetan, dena gaztelera hutsean dago. Ondo dago egitasmo hauek bultzatzea, baina mesedez, horrelako detaileetan ikusten da Euskara ez dela kontuan hartzen. Hainbeste Euskararen aldeko kanpaina ("pixka bat es mucho", "Aire aire, euskarari"...) eta plan (EBPN) eta oraindik ez dugu ikasi. Bada garaia euskaldunoi hizkuntza eskubideak errespetatzen hasteko.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide