Ostiralean hasi ziren ofizialki Sanjuandegiko Udaberri festak eta eguraldiak lagundu ez duen arren, festa giroa izan da nagusi egun hauetan. Denetik izan dute Sanjuandegira joan direnek; kontzertuak, herri bazkaria, haur parkea eta txokolate jana, beste hainbat ekimenen artean.
Gazte gehiago Udaberri festan
Adin guztietako jendea bildu da festetara. Hala ere, antolakuntzan dabilen Maialen Orbegozok esan duenez, aurtengoan Udaberri Jaietara gazte gehiago hurbildu da: "Gazte gehiago animatu da. Nik uste dut txosnengatik, triki poteoagatik, kontzertuengatik eta orokorrean gazteentzat antolatu ditugun ekitaldiengatik izan dela".
Eguraldi nahasia
Eguraldi nahasi samarra izan zuten larunbatean, baina herri bazkarian moto zale eta auzotar ugarik parte hartu zuen. Laino beltzek euria iragartzen bazuten ere, tarteka eguzkia ateratzen zen eta bazkaltzeko garaian festa giroa izan zen nagusi. Gainera, paella "paregabea" zegoela aipatu zuten bertan bildu zirenek. "Zorionak sukaldariari!" adierazi zuen motozale talde batek. Umeek ere izan zuten euren txokoa, puzgarriak, txokolate jana eta txaranga antolatu baitzituzten gaztetxoenentzat. Gau partean berriz, Elvisabuelo eta Ezinean taldeen kontzertuak entzuteko aukera izan zen.
Atzo, igandea, izan zen Udaberri Jaietako azken festa eguna. Sokamuturra, haurrentzako krosa, dantzari txikiak, pottokak eta zezenak eta herri kirolak izan ziren, besteak beste, egunean zehar. Ilunzean, kapoeira saioak eta suzko zezenak agurtu zituen festak, hurrengo urtera arte.