Ostiralean hasi ziren Sanjuandegin Udaberri jaiak eta eguraldiak gehiegi lagundu ez duen arren, festa giroa izan da nagusi egun hauetan. Denetik izan dute Sanjuandegira gerturatu direnek; kontzertuak, herri bazkaria, haur parkea eta kapoeira erakustaldia esate baterako.
Gazte gehiago Udaberri festan
Adin guztietako jendea bildu da festetara. Hala ere, antolakuntzan dabilen Maialen Orbegozok esan duenez, aurtengoan Udaberri Jaieratara gazte gehiago hurbildu da: Gazte gehiago animatu da. Nik uste dut txosnengatik, triki poteoagatik, kontzertuengatik eta orokorrean gazteentzat antolatu ditugun ekitaldiengatik izan dela.
Horretaz gain, aretoko dantzen erakustaldiak ere arrakasta izugarria izan duela ere azaldu du Orbegozok: Urtero antolatzen dugu eta aurtengoak ere arrakasta handia izan du.
Eguraldi nahasia
Eguraldi nahasi izan arren, larunbateko herri bazkarian moto zale eta auzotar ugarik parte hartu zuen. Laino beltzek euria iragartzen bazuten ere, tarteka eguzkia ateratzen zen eta bazkaltzeko garaian festa giroa izan zen nagusi. Gainera, paella paregabea zegoela aipatu zuten bertan bildu zirenek. Zorionak sukaldariari! adierazi zuen motozale talde batek.
Umeek ere izan zuten euren txokoa, puzgarriak, txokolate jana eta txaranga antolatu baitzituzten gaztetxoenentzat. Gau partean berriz, Elvisabuelo eta Ezinean taldeen kontzertuak entzuteko aukera izan zen.
Igandean ere giro aparta
Atzo, igandea, festa giroak puri purian jarraitzen zuen. Goizean, eta Krossaren ondoren, Juan Antxieta Musika Eskolaren 25. urteurreneko omenaldia eta dantzari txikiak ikusteko aukera izan zen. Arratsaldean, berriz, herri kirolak, haurrentzako pottoka eta zezenak eta Kapoeira erakustaldiak alaitu zituzten kaleak.
Aurtengo Udaberri festei suzko zezenarekin eman zitzaien bukaera