Josu Arregi azpeitiarra nagusi Zarautz-Aia krosean

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 10a, 13:06

Josu Arregi.

.103 korrikalarik hartu zuten parte igandean Zarautz-Aia XII. Herri Krosean

Bi azpeitiar izan ziren podiumean, Enekoitz Aizpuru hirugarren sailkatu baitzen

Inoiz baino parte-hartzaile gehiago izan da aurten Zarautz-Aia XII. Kros lasterketan; 103 lagunek egin zuten herenegun 11 kilometro eta 315 metro koadroko ibilbide gogorra. Izan ere, proba guztia aldapa gora izaten da kros honetan.

Gizonezkoetan bi azpeitiarrek lortu zuten podiumera igotzea; Josu Arregi izan zen aurrena 00:41;51 denborarekin eta Enekoitz Aizpuru, berriz, hirugarrena 00:42;22 denborarekin. Bien tartean iritsi zen bigarren egin zuen Jabier Eskudero oiartzuarra; Arregik baino 14 segundo gehiago behar izan zituen honek, 00:42;05 alegia.

Emakumezkoetan Rosi Talavera hendaiarrak irabazi zuen lasterketa 00:47;52 denbora eginda. Beteranoetan, berriz, Jose Maria Lopez errenteriarra izan zen nagusi 01:07;28 denborarekin.

Giro ederra lasterketa egiteko

Aiako eta Zarauzko Kirol Elkarteek antolatutako proban "giro ederra" izan zela nabarmendu dute antolatzaileek. Haien esanetan, "fresko" egin zuen, proba "gogor" honetarako "eguraldi aproposa", beraz.

Txikienak ere bai

Helduen krosaz gain, Aiako III. Herri Kros Txikia ere egin zuten herenegun Aiako plazaren inguruan: 7 urte artekoen kategorian Kepa Orbegozo izan zen bizkorrena: 8 eta 10 urte bitartekoetan, Iker Arruti; eta 11 eta 13 urte artekoetan, berriz, Iban Orbegozo nagusitu zen.

Josu Arregi: "Proba honetan asko eskertzen da igandekoa bezalako eguraldia"

Seigarren aldiz hartu du parte Azkoitian bizi den Josu Arregi oñaztarrak (Azpeitia, 1969) Aia-Zarautz Herri Kros txapelketan. Heregun irabazita, hirugarren txapela lortu du Arregik. Beste hiru alditan, berriz, bigarren gelditu da.

Proba guztia aldapa gora. Lasterketa gogorra dirudi...

Hala da, baina oso gustuko dut. Aldapa gora gustura ibiltzen naiz eta postu onak lortu izan ditudanez, animoak ematen ditu horrek ere. Gainera, giro polita egoten da; gustatzen zait herri krosen inguruan herri txikietan sortzen den giro a.

Besteetan adina bero ez du egin aurten, ezta?

Ez, herenegungo eguraldia lasterketa honetarako aproposa izan zen oso. Urte sasoi honetan bero gehiegi egin izan du beste urteetan; proba honetan asko eskertzen da igandekoa bezalako eguraldia.

11 minutu eta 51 segundotan egin duzu proba; gustura?

Bai, denbora ona egin dudala uste dut; duela hamar urte inguru minutu bat gutxiagoan egin nuen baina azken urteetan 42 minutuen bueltan ibili izan naiz eta gustura nago egindakoarekin.

Entrenamendu berezirik egiten al duzu proba honetarako?

Ez, normalean lauan entrenatzen naiz, aldapa gora aritzea baino hobea delako. Aldapan astean pare bat aldiz baino ez naiz ibiltzen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide