Uema Eguna, "datozen erronkei aurre egiteko abiapuntua"

Uztarria.eus 2008ko eka. 10a, 15:06

Goiko argazkian, Sindikatu Zaharrean egin zuten Uema Egunaren aurkezpena herriko norbanako eta eragile ezberdinek. Behekoan, Ioritz Aizpuru, Uema Eguna antolatzeko eratu den herritar taldeko kidea.

Ekainaren 14an (larunbatean) Azpeitian ospatuko da Uema eguna

Egun osoko egitaraua prestatu dute herriko eragile ezberdinek

Atzo (ekainak, 9, astelehena) aurkeztu zuten Azpeitian hilaren 14an (larunbatean) egingo den Uema Egun nazionala. Antolatzaileek azaldu zutenez, "aurrerapauso ona" da Azpeitiko udal gobernuak Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (Uema) sartzeko erabakia hartzea: "Udalak bere eremuan euskara nagusi izateko konpromiso sendoa erakutsi du erabaki horrekin". Euskara Mahaian proposatu zen aurrena Azpeitia Uemako kide izatea. Batzordeak ondo iritzi zion horri eta apirilaren 5eko udalbatzar berezian proposamena onartu egin zen.

Azpeitian Uema Eguna antolatzeko eratu den herritar taldeko kide den Ioritz Aizpuruk azaldu zuenez, "herrian euskararen egoerak hobera egin badu ere, badaude oraindik egin beharreko hainbat urrats". Datozen erronka berrien "abiapuntua" izango da eguna. Izan ere, "bide luzea dago egiteko, baina bide horri ilusioz ekingo diogu ekainaren 14an".

Egun osoko egitaraua prestatu dute ekainaren 14rako. Goizean Lea-Artibaiko eta herriko pilotarien arteko partidek emango diote hasiera egunari. Eguerdian, berriz, bazkaria egingo dute Berdura Plazan. 18:00etan Egan musika taldea izango da plazan eta gauean Botapa batukada taldeak itxiko du egun osoko egitaraua.

Bazkarirako txartelak

Bazkarirako txartelak salgai Uemako udaletan eta Azpeitian, Orkatz, Zuhatz eta Jim Clark tabernetan, ikastetxeetan eta udaletxean egongo dira. Langileek 15 euro ordaindu beharko dituzte eta ikasle eta langabetuek 10 euro.

Parte-hartzeko deia

Egun honen harira, antolatzaileek bi dei luzatu dizkiete euskaltzale eta herritar guztiei: batetik, "euskaltzale guztiak egunean zehar burutuko diren ekimenetan parte-hartzera gonbidatzen ditugu eta era berean, urtean zehar, Udaleko euskara mahaia osatzen duen taldera batzeko deia egiten diegu herritar eta euskaltzale guztiei".

Ioritz Aizpuru: "Uema Egunak erronka berriei ilusioz heltzeko balioko digu"

Larunbatean Uema Eguna ospatuko da Azpeitian, eta egun hori antolatzen herritarrek osatutako batzorde bat ari da. Batzorde horretako kidea da Ioritz Aizpuru (Azpeitia, 1983).

Zer-nolakoa izango da larunbaterako antolatu duzuen Uema Eguna?

Festa eta aldarrikapen eguna izango da larunbatekoa. Herritarrei, haurrei, gazteei nahiz helduei, parte hartzeko aukera emango dien hainbat ekimen izango da egun osoan. Hainbat herritako jendearen parte-hartzearekin osatutako ekimenak ere antolatu ditugu: hasi xiba jokoetatik, pilota partidekin segi eta herri bazkariraino. Ueman sartzeko hartutako erabakiarekin dauzkagun erronka berriei heltzeko abiapuntu izatea nahi dugu egun hori.

Uema Eguna ia urtero antolatu izan da, urtero herri desderdin batean.

Bai, hala da. Aurten herri dezente sartu dira Ueman, eta Azpeitia aukeratu da Uema Eguna ospatzeko kide berrietatik herri handiena delako. Baldintza bezala jartzen da biztanleen %80 euskalduna izatea, eta orain arte hori herri txikiek betetzen zuten, batik bat. Azpeitia 10.000 biztanletik gorako herrietan euskaldun ehuneko handiena daukan herria da. Gainera, Azpeitia Ueman sartzea aurrerapauso garrantzitsua da euskararen normalizaziorako. Uemarentzako ere ekarpen handia izan daiteke, Azpeitia eredugarria izan baitaiteke Uemako beste herriekin esperientziak elkarbanatzeko orduan.

Azpeitia ofizialki larunbatean sartuko da Ueman. Gainera, Azpeitiarekin batera Mallabia, Areso eta Otxandio ere sartuko dira. Batzar Nagusiaren bileran hartuko dute erabakia ofizialki.

Herri bakoitzeko udalbatzarretan erabakia hartuta dago, baina larunbatean egingo duten batzarrean eta ekitaldian ofizialki hartuko dute herri berriak Ueman sartzeko erabakia.

Uema Egunak zer garrantzia du?

Azken batean, udalerri euskaldunen, Ueman sartuta dauden herrien isla izango da eguna; udalerrien arteko elkarlanaren isla eta aldarrikapenak egiteko eguna. Azpeitia Ueman sartu da, eta horrek esan nahi du erronka berri batzuk ditugula aurretik. Bide horri ilusioz heltzeko balioko digu egun horrek. Erronka horiei guztiei denon artean ilusioz heldu behar diegu eta, hori horrela izateko, larunbatean festa eta aldarrikapena bat eginez egitarau zabala antolatu dugu, hainbat ekitaldirekin. Beraz, euskaltzale eta herritar guztiak gonbidatu nahi ditugu Uema egunerako antolatu ditugun ekitaldietan parte hartzera.

Egitaraua

  • 9:00etan, pilota partidak Frontoi Txikin. Lea Artibai-Azpeitia.
  • 11:00etan, herrialdekako herri kirol lehia, plazan.
  • 11:30ean, harrera instituzionala udaletxeko plano aretoan.
  • 13:00etan, ekitaldia plazan (bertsolariak, dantzariak…).
  • 14:30ean, bazkaria Berdura Plazan.
  • 15:30ean, haurrentzako puzgarriak herriko plazan.
  • 17:00etan, Antzezkizuna taldearekin txotxongiloak, udaletxe azpian.
  • 18:00etan, Egan musika taldea herriko plazan.

Egun osoan zehar txosna egongo da herriko plazan eta Kontseiluaren erakusketa udaletxe azpian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide