Ezker abertzaleko hautetsiek bost urteko apartheid-a salatu dute

Urola Kostako Hitza 2008ko eka. 13a, 12:06

Urola Kostako ezker abertzaleko hautetsiak, asteazkenean, Zarautzen. Azpeitiko alkate IƱaki Errazkin eta alkateorde Xanet Esnaolak ere parte hartu zuten agerraldian.

Urola Kostako ezker abertzaleko hautetsiek agerraldia egin zuten asteazkenean Zarautzen

PSE-EEren eta EAJren jarrera gaitzetsi eta euskal herritarren eskubideen alde lanean jarraituko dutela esan dute

Urola Kostako ezker abertzaleko hautetsiek agerraldia egin zuten herenegun Zarautzen, "demokraziaren joko-zelaian oztopo ikaragarriak jartzen ari direla adierazteko eta irtenbide demokratikoaren aldeko aldarria egiteko".

"Bost urte bete dira egunotan apartheid politikoaren hautua egin zutenetik, bost urte mila euskal herritar eskubide zibil eta politikorik gabe utzi zituztenetik", salatu zuten, 2003ko udal hauteskundeei erreferentzia eginez. Ezker abertzalekoen iritziz, PSE-EE eta EAJ dira egoera honen erantzuleak eta "Euskal herritarren askatasun itxaropenei bizkarra eman eta Euskal Herria Espainiaren osagai zatiezina izatera behartzeko metodo zaharra bezain ezaguna" aukeratu dutela salatu dute. "PSOEk salbuespen egoeran jarri du Hego Euskal Herria eta EAJk bere oniritzia eta laguntza eman dizkio", adierazi dute.

Lanean jarraitzeko prest

Hala ere, itxaropentsu azaldu dira ezker abertzaleko hautetsiak. "Oztopoak gainditu eta aurrera egiteko euskal jendarteak betidanik erakutsi duen barne-indarra da gure itxaropena", esan dute. "Herritarren irakaspena ez dute ikasi, esate baterako, ez Zarauzko ez Getariako hainbat udal alderdik, beraiei ez dagozkien zinegotzi karguak lapurtu baitituzte", erantsi dute.

Urola Kostako ezker abertzaleko hautetsiek elkartzen dituen ibilbideari eutsi eta lanean jarraituko dutela esan dute, "herri honek askatasunezko etorkizuna merezi duelako": "Lanean jarraituko dugu udal erakundeetan herriak eman digun zilegitasunean babesturik, herritarren zerbitzurako politika egiten eta irtenbide demokratikoaren aldeko hazia ereiten".

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide