Azpeitiko Udaleko Kultura Sailak herriko kultur taldeei galdetegi bana igorri die. Kultura Sailetik jakinarazi dutenez, inkesta bi arrazoi nagusirengatik egin asmo dute: "Batetik, taldeen inguruko zenbait datu jakin eta beste batzuk eguneratu nahi ditugu. Bestetik, Udalak taldeei ematen dizkien diru laguntzen irizpideak finkatzeko balioko digu galdetegiak".
Bi arrazoiak bata bestearekin lotuta azaldu dituzte. Izan ere, Udalak laguntzen dituen kultur eragileen datuak "ahalik eta zehatzen" ezagutu nahi ditu, hartara laguntzak emateko garaian "bidegabekeriak saihestu" ahal izango dituztelako. Ildo beretik, Udalak "laguntzak emateko irizpideak" finkatu nahi dituela azaldu du: "Horrela, taldeek eta herritarrek, oro har, garbi jakingo dute Udalak zeini eta zergatik eman dizkion neurri bateko edo besteko laguntzak".
Ekainaren 30a baino lehen
Galdetegia beteta, ekainaren 30a baino lehen udaletxeko Kultura Sailean entregatzeko eskatu die taldeei Udalak.