Mendizaleekin bi ibilaldi aukeran uda hasteko

Uztarria.eus 2008ko eka. 17a, 17:06

Lagun Onak Mendi Bazkunak bi ibilaldi antolatu ditu hurrengo asteetarako, Adi mendira eta Pirinioetara

Joan den igandean, ekainaren 15ean, Donostiatik Pasaiarako ibilbidea egin zuten gaztetxoekin

Lagun Onak Mendi Bazkunak bi ibilaldi antolatu ditu hurrengo asteetarako. Lehenena ekainaren 28an izango da eta Adi (1.452 metro) mendiaren tontorra egingo dute. Autobusez Urkiaga mendate gainera igo eta Sorogain aterpetik pasatu ondoren Orreaga herrira jeitxiko dira.

Izen ematea ekainaren 26a baino lehen egin beharko da Mendizaletako tabernan eta bazkideak 10 euro, ikasle eta langabetuak 6 euro eta gainontzekoak 15 euro ordaindu beharko dute.

Hurrengo ibilaldia Pirineoetara izango da uztailaren 5 eta 6an. Lehenengo egunean Santa Engrazi- Labora (1.877 m)- Belagua ibilbidea egingo dute eta bigarren egunean Belagua- Lakartxela (1.982 metro)- Holtzarte, bukaera emanez. Afaldu eta lo Isabako Oxanea aterpetxean egingo dute.

Izen ematea, uztailaren 2a baino lehen egin beharko da Mendizaletako tabernan eta bazkideak 50 euro, ikasle eta langabetuak 30 euro eta gainontzekoak 60 euro ordaindu beharko dute. Ibilaldi honetara joan ahal izateko derrigorrezkoa da federatuta egotea.

Bista ikusgarriak

Pasa den igandean, ekainaren 15ean, Donostiatik Pasaiarako ibilbidea egin zuten Lagun Onak Mendi Bazkunakoek gaztetxoekin. Zurriolako hondartzatik Ulia mendirantz abiatu ziren goizeko hamarretan eta behin gainera iritsitakoan galtzada zaharrean barrena Pasaiako Faro nagusira doan ibilbideari ekin zioten. Itsasoa aurrez aurre zutelarik bista paregabeak izan zituzten bide lagun. Faroan bazkaldu ondoren, San Pedroko Portu barrenera jeitsi eta han zuten zai Pasai Donibanera bueltan eramango zituen itsasontzia.

Arratsaldeko seiretan hartu zuten autobusa Azpeitirantz, egun ederra pasa ondoren.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide