Joseba Albizu txapelketatik kanpo utzi dute Sabiñanigoko proban bigarren egin ondoren

Uztarria.eus 2008ko eka. 23a, 14:06

Izen-ematean arazoak izan eta izena emanda zegoen beste txirrindulari baten dortsalarekin atera zelako deskalifikatu dute

Albizu bigarren postuan iritsi zen helmugara, 5:50:30 denbora eginda

Joseba Albizu azpeitiarra Sabiñanigon (Aragoi, Espainia) larunbatean jokatu zen Quebrantahuesos zikloturismo proban bigarren sailkatu zen. Txirrindulari azpeitiarrak 5:50:30eko denbora eginda burutu zuen proba eta Jose Velda valentziarraren atzetik sailkatu zen. Carlos Palacio izan zen hirugarrena. Txirrindulari azpeitiarrak ez du izan ordea, bigarren postua gozatzeko betarik, txapelketatik kanpo utzi baitute. Izen-ematean arazoak izan zituelako, izena emanda zegoen beste txirrindulari baten dortsalarekin atera zen eta horregatik deskalifikatu egin dute.

Txirrindulari azpeitiarrak uztarria.com-i jakinarazi dionez nahikoa "polemika" sortu da horren harira. Izan ere, Albizuk arazoak izan zituen Sabiñanigoko proban epe barruan izena emateko. "Banekien zenbait txirrindulariri denboraz kanpo izena ematen utzi ziotela eta nik ere utziko al zidaten eskatu nien". Baina antolatzaileek ez zioten Albizuri aukera hori eskaini eta, hala, txirrindulari azpeitiarra izena emanda zegoen beste txirrindulari baten dortsalarekin atera zen eta horrek sortu du polemika.

Probaz galdetuta, "proba gogorra" izan bada ere, bukaerara "indartsu" iristea lortu du: "Proban zehar indarrak gordetzen joan naiz eta bukaerara indartsu iristea lortu dut". Bigarren postuan iritsi zen Albizu helmugara.

Denera, 9.000 parte hartzaile inguruk hartu zuten parte 205 kilometrotako ibilbidea duen lasterketan. Nazioartean ezaguna da Quebrantahuesos proba eta Azpeititik ere txirrindulari ugari joan zen hara lasterketan parte hartzera.

Irati Xtrem probako kronoeskaladan, Albizu bigarren

Hilaren 14an jokatu zuten Irati Xtrem 2008 txirrindulari proba Iratin (Nafarroa). Denera, 900 parte hartzaile inguru izan zen lasterketan eta Joseba Albizu azpeitiarra izan zen aurrena Otsagabian ezarritako helmugara iristen. Proba horren baitan, antolatzaileek Kronoeskalada bat prestatuta zuten Larraun gainean. Hor hartu zitzaien txirrindulariei denbora eta Albizuk bigarren denborarik onena egitea lortu zuen, 0:41:24 hain zuzen. Kronoeskaladan aurrena Patxi Iriarte izan zen.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide