Ekin diote Urrestillan sanjoanei. Ostiralean, pilota partidak izan ziren Txikuri pilotalekuan, eta bertan Pello Aizpuru erremontista omendu zuten herritarrek. Santiago Agirre Txikuri-ren eskutik, San Juan eskultoreak egindako talla jaso zuen Aizpuruk, pilotalekuan bildutako pilotazaleen txalo artean.
Larunbatean ere kirola izan zen Urrestillako jaietako protagonista, Sanjoanetako krosa izan baitzen. Herenegun, berriz, Erretiratuen Eguna ospatu zuten urrestildarrek. Eguerdia bitartean meza eta Itsasiko dantzari txikien emanaldia izan ziren. Gero, urteroko ohiturari jarraituz, bazkaria izan zen zimitorioan. 60 lagun inguru elkartu ziren bazkaltzeko, eta bazkalondoan Loidisaletxe eta Jose Luis Gorrotxategi bertsolarien saioaz gozatu zuen.
Atzo, astelehena, suziria bota ondoren, herriko pregoia irakurri zuten Festa Batzordekoek eta herri afariari ekin zioten. Usadioari hutsik egin gabe zuhaitza ere sartu zuten plazan; hantxe edukiko dute, osteguna bitartean, jaiak bukatu arte.
Gaur, San Joan eguna ospatuko dute eta bihar, berriz, San Joan Txiki Eguna.
Oñatzen ere sanjoanak protagonista
Oñatz auzoan ere larunbatean ekin zioten festari. Han ere sanjoanak ari dira ospatzen. Larunbatean lagun eta auzokoen arteko afaria egin zuten eta afalostean bertsolari eta trikitilariek alaitu zuten giroa. Igandean, berriz, meza eta herri kirolak izan ziren. Festa gaur bukatuko da, ordea, oñaztarrentzat. Goizean Meza Nagusia izan da eta ondoren hamarretakoa egin dute, trikitilari eta guzti.
Azpeitiko plazan suaren bueltan dantzan
Azpeitiko plazan ere suaren inguruan jaialdia egin zuten atzoko egunez. Udal Musika Bandak, Juan Antxieta Musika Eskolak, Izarraitz Txistulari Taldeak, Dantza Suelto Eskolak eta Julian Barrenetxea abesbatzak parte hartu zuten suaren inguruko festan. Aurten gainera, lehen aldiz, antzerki eskolan ibilitakoek ere ikuskizuna eskaini zuten. San Joan
zortzikoa entzunez piztu zuten sua.